“Eragile guztiok Kulturgunean elkartzea proposatzen dizuegu”

Noaua Aldizkaria 2022ko urriaren 26a

Iaz, Usurbilgo euskarazko kulturgintzaren ekosistemako eragile eta kide diren hainbat herritar, “euskarazko kulturgintzak gure herrian bizi duen egoerari buruzko iritziak eta kezkak partekatzeko bildu ginen. Herriko 50 eragile baino gehiagoren ekarpenak jasoz ohartu ginen elkartzeko beharraz”. Mugimendu hark Usurbilgo Kulturgunearen jaiotza ekarri zuen. Herriko eragileen arteko elkarlana sustatu nahi dute eta laster hainbat deialdi egingo dituztela adierazi dute ohar bidez.

NOAUA!ra igorritako idatzian, aurtengo martxoa bitartean eginiko gogoeta-prozesuaz mintzo dira. “Emaitza gisa, Usurbilgo Kulturgunea abiarazteko proposamena adostu genuen, oinarri honekin: euskal kulturzaleak sortzeko norabidean lan egitea herriko kultur ekosistemako kide guztiok”.

 

Norabide berean lan egiteko proposamena

Euskarazko kulturgintza hauspotzeko, “herritar sortzaileak behar ditugu (amateurrak nahiz profesionalak); antolatzaileak izango diren herritarrak behar ditugu (herri ekimenetan nahiz erakunde publikoetan); kulturgintzaren industrian jardungo duten profesionalak behar ditugu; kultur kazetaritza jorratuko duten herritarrak behar ditugu; transmisioa bermatuko duten herritarrak behar ditugu (etxean, hezkuntza arautuan, ez arautuan, aisialdian...). Kulturzale horiek guztiek osatzen dute herriko kultur ekosistema, eta horiek guztiek norabide berean lan egiteko proposamena dakar Kulturguneak”.

 

Adi egon deialdiei

Horretarako, lau lan-ildo nagusi jorratu nahi ditu Usurbilgo Kulturguneak: Sormena, Plazak, Komunikazioa eta Transmisioa. Ildo horiei lotutako proiektuak sortzeko eta garatzeko bokazioz jardungo du Kulturguneak. Eta  egungo gabeziei erantzuteko, herriko eragileen arteko elkarlana sustatuko du.

“Hori dela-eta, kulturgintzaren eragile guztiok Kulturgunean elkartzea proposatzen dugu. Adi egon deialdiei”. Bien bitartean, Kulturgunearekin harremanetan jartzeko bide nagusia helbide elektroniko hau da eta berau balia daiteke iradokizunetarako edo ekarpenetarako: usurbilgokulturgunea@gmail.com