Murrizketak eta debekuak indarrean gauerditik aurrera, baso-sute arrisku oso handiagatik

Noaua Aldizkaria 2022ko urriaren 26a

Artxiboko irudia.

Abisu horian jarraitzen dugu baso-sute arrisku oso handiagatik. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak hainbat debeku eta murrizketa jarriko ditu indarrean, gaur gauerditik aurrera.

Aste hasiera honetan Balmaseda inguruan bizi izan duten egoera latzaren ostean, eta bizi dugun lehorte eta uda giro beroa tarteko baso-sute arriskuak oso handia izaten segiko duela ohartarazita, hainbat murrizketa eta debeku indarrean jartzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak gaur gauerditik aurrera. Segurtasun Sailak aditzera eman duenez, "neurri hori hartu du basoko sute-arrisku handia dagoelako tenperatura altuen, lehortearen eta espero diren haize-bolada zakarren ondorioz".

Iragan astetik Euskalmet meteorologia agentzia egunero gogorarazten ari zaigunez hain zuzen, baso-sute arriskuagatik abisu horiak indarrean jarraituko du gaur, bihartik aurrera alerta laranja indarrean izango da. Gogoan izan, Enkarterrietako sutea jazo zen igandean alerta laranja ezarri zuten. "Baso-sute arriskua oso handia da, hegoaldeko haizearen indarragatik, tenperatura altuengatik eta landarediaren egoeragatik", gogorarazten digute baita Euskalmet-etik.

Suak piztu edo erreketen debekua
Testuinguru honetan, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailetik iragarri dutenez, segidan aipatuko ditugun debeku eta murrizketak indarrean izango dira agintariek bestelako ebazpen bat eman arte. "Uste da igandean emango duela, egoera meteorologikoaren bilakaeraren arabera", zehaztu du Jaurlaritzak.

Honenbestez, gaur gauerditik aurrera murrizketa eta debekuok indarrean izango ditugu "landa-ingurunean edo ingurune ez-urbanizagarrian":
-Sua erabiltzea edo sua eragin dezaketen jarduerak egitea, hala nola nekazaritza- eta baso-eremuetan deflagrazioak, txinpartak edo deskarga elektrikoak sor ditzaketen makinak erabiltzea.

-Su artifizialak, petardoak eta pirotekniako bestelako elementuak erabiltzea eta barbakoak egitea, hori guztia baita hiri-lurzoruan ere eta zuhaitzak eta zuhaixkak dauden lursailetatik, sastrakadietatik edo edozein eratako labore-sailetatik 300 metrora baino gutxiagora.

-Bertan behera geratuko dira uztondoak, larre iraunkorrak, inausketako adarrak eta basoko hondarrak erretzeko emandako baimen guztiak.

-Debekatuta egongo da erretzen ari diren objektuak edo sutea eragin dezakeen edozein eratako materialak botatzea edo abandonatzea.

Isunak
Ezinbestean bete beharreko debeku edo murrizketak izango dira honako hauek, Eusko Jaurlaritzatik gogorarazten dutenez. "Ez betetzea arau-hauste “larritzat” edo “oso larritzat” jo daiteke, eta ezarri ahal izango diren zigorren artean, 1.501 eurotik 30.001 eurora arteko isunak daude, Larrialdiak Kudeatzeko Legearen (apirilaren 27ko 1/2017 LD) 69, 70 eta 73 artikuluetan ezarritakoari jarraituz", Jaurlaritzatik ohartarazi dutenez.