Behin betiko onarpen prozesu luzerako urrats berri bat eman du Usurbilgo Udalak tramitazioari dagokionean. Hiri Antolamenduko Plan Orokorraz (HAPO) ari gara. Gehiengo osoz, hasierako onarpena eman zioten urriaren 13ko ezohiko udalbatzarrean, EHBilduren eta PSE-ren aldeko bozkekin. EAJ aurka agertu zen. Asteazken honetan, urriaren 26ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu duen iragarkiaren bidez alegazio eta iradokizun epea zabaldu dela ohartarazi du Usurbilgo Udalak; urriaren 31ra arte hain zuzen.
Zehazkiago esanda, "Usurbilgo Hiri Antolamenduko Plan Orokorra, ingurumen-azterketa estrategikoa eta proiektatutako antolamenduak indarrean dagoena aldatzen duen eremuen mugaketaren laburpen exekutiboa" da jendaurrean ikusgai jarri duena Udalak, baita "ingurumen-azterlan estrategikoa ere". Dokumentu guztiok hiru hilabetez kontsultatzeko aukera egongo da, "interesdunek azter dezaten eta egoki iritzitako alegazioak eta iradokizunak aurkez ditzaten".
Horrez gain, "eraginpeko administrazio publikoei eta herritar interesdunei kontsulta egitea, 2023ko urtarrilaren 31 arteko epean HAPOa eta Ingurumen Azterketa Estrategikoa aztertu ahal izateko, eta egokitzat jotzen dituzten oharrak egin ditzaten. Izapide horiek amaitu ondoren, espedientearen kopia osoa bidaliko zaio ingurumen-organo eskudunari, nahitaezko ingurumen-adierazpen estrategikoa egin dezan".