Zaintza ekosistema eredu berria

Zaintza azoka eta hitzaldi zikloa, ekosistema eredu berria eraikitze bidean

Noaua Aldizkaria 2022ko urr. 27a, 12:22

Zaintza ekosistema eredu propioa eraikitzeko bidean, orain arte eginiko lanketa plazaratu eta partekatzeko antolatu ditu Udalak ekimenok.

Zaintza ekosistema berri bat eraikitzeko orain arte jorraturiko lanketa bidea herriarekin partekatu eta herritarren ekarpenak biltzeko Zaintza Azoka antolatu duten azaroaren 19rako, "Pertsonak ardatz, zaintzak eraldatzen!" aldarripean. Ekosistema eredu berria izango dute mintzagai harrera hitzaldian. Saioan ordezkatuak egongo dira azken bi urteotan Usurbilen abian den prozesuko kideak; herritarrak, erakundeak (Usurbilgo Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia), gizarte zerbitzuak, zaintza behar duten pertsonak eta haien senideak...

Prozesuaren baitan osatu dituzten lau lan taldeetan (komunitatea, zerbitzuak, pertsona erabiltzaileak eta familiak, Gizarte Zerbitzuak) barneratzeko aukera izango dugun bizipenen tailerren bidez. Goiza, zaintza ekosistema berriari lotuta gauzatze bidean diren bi proiektu estrategikoak barrutik bisitatzeko aukera eskainiko dute; biak ala biak 2023an zabalduko diren Ugartondoko Txirikorda belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioa eta Kalezarko zaintzadun etxebizitzak.

Zaintza Azokako ekintza hauetan parte hartzeko izena ematera deitu dute antolatzaileek. Apuntatzeko bideok dituzue:
usurbil.eus/eu/zaintza-azoka
943 377 110 (Gizarte Zerbitzuak)
gizarte-zerbitzuak@usurbil.eus

Zaintza lanen ikuspegi sozialaz kontzientzatzen
Azokarekin batera hitzaldi ziklo bat ere programatu dute azarotik urtarrilera, Emagin elkarteko ordezkari Miren Arangurenek aurkezpen ekitaldian adierazi moduan, zaintzak sozialki aitortzeko. Ezinbestekotzat jotzen du hala egitea. "Maila asko ditu aitortza horrek, eta horietako bat, gure herriko agendetan kokatzea da". Ertz anitz dituen gai konplexu hau plazaratzea ezinbestekotzat jotzen du Arangurenek. Ertz "horiek bateratzea ez da batere ariketa erraza".

Are gehiago, zaintza lanak oraindik orain "oso modu pribatuan lantzen jarraitzen" dugun honetan. "Ez zaigu iruditzen oraindik arazo soziala" denik.  Bide horrekin, "pausoak ematen ari gara, baina oraindik asko geratzen zaigu". Hitzaldi ziklo honekin eta datozenekin, feminismotik "hari horietatik tira egiten" ahaleginduko direla iragarri dute. Orain hasi eta 2023an segida izango du.

Zaintza ekosistema berrira begirako agenda
Azaroak 17, osteguna
"Zaintza lanen demokratizaziorantz: etxeko langileak borrokan" hitzaldia.
Hizlariak: Matxalen Legarreta (EHUko irakaslea), Txefi Roco (LABeko ordezkaria) eta eskualdean garaturiko Maitelan kooperatiba.
Zehaztasunak: "Zaintzak ekonomia feministatik nola landu diren aztertu nahi dugu, etxeko langileen kolektiboan arreta jarrita. Urte asko daramate borrokan. Kolektibo honen aldarrikapenak jaso nahi ditugu.

Azaroak 19, larunbata
Zaintza Azoka:
10:00-10:30 Harrera gunea. 
10:30-11:30 Harrera hitzaldia: "Zer da Usurbilgo Ekosistema berria?".
11:30-13:00 Bizipen tailerrak, Usurbilerako zaintza ekosistema eredu propioa eraikitzeko prozesuan parte hartu duten lau lan-taldeekin:
1-Komunitatea: auzo-zaintza sare publiko komunitarioaren aukeren eta erronken inguruko tailerra.
2-Zerbitzuak: Usurbilgo zaintza-zerbitzuetako zaintzaile profesionalen bizipenei buruzko eztabaida eta zaintzak behar dituzten pertsonekin izan ohi ditugun mikro-adinkerien jabekuntzari buruzko tailer praktikoa.
3-Pertsona erabiltzaileak: egungo zaintza sistemaren erabiltzaile diren pertsonen lekukotzak, haiei eta aterabideei buruzko hausnarketa.
4-Gizarte zerbitzuak: gizarte zerbitzuen rolari buruzko hausnarketa kolektiboa Usurbilgo gizarte langileekin. Galde-erantzunetan oinarrituriko tailerra.

13:00-13:30 Txirikorda eta zaintzadun etxebizitzak bertatik bertara: proiektu estrategikoetara bisita gidatuak.
13:30-15:00 Goiz osoko hausnarketak eta ondorioak laburbilduko dituen Bea Egizabalekin itxiera eta luntxa Artzabalen.

Abenduak 15, osteguna
"Zer dira zaintzen duten herriak?" hitzaldia.
Hizlariak: Oihane Ruiz arkitektoa, Col-lectiu Punt 6 eta Nora Erdozia Usurbilgo Udaleko arkitektoa.
Zehaztasunak: "Gure herrien antolaketari erreparatu nahi diegu. Askotan merkatuen mesedetan daude antolatuak, ez egunerokotasunak sortzen dituen beharren mesedetan. Hitzaldi honetan zainduak sentitzeko zer behar dugun, horri buruz ariko gara". Usurbilek gai honetan egindako ibilbidea ezagutzeko aukera egongo da besteak beste.

Urtarrilak 27, ostirala
"Zaharrak gara eta libre" hitzaldia.
Hizlariak: Miren Aranguren (Emagin elkartea), Mari Luz Esteban (EHUko irakaslea), Ruth Iturbide (NUPeko irakaslea).
Zehaztasunak: "Nola nahi dugu zahartu? Nola nahi dugu hil? Azken urteotan zahartzaroaren ikuspegi feministatik ekarpen oso esanguratsuak egin dira azken urteotan. Horretan ezinbesteko lana bilakatu zaigu Mari Luz Estebanek argitaraturiko "Andrezaharren Manifestua". Esteban gonbidatuko dute solasaldira. Adinkeria eta adinkeria generoarekin nola gurutzatzen den ere aztertuko dute baita "horrekin zer ondorio dituen, zer zapalkuntza eta indarkeria adierazpen dituen".