Hilabeteotan herrian martxan jarriko diren hainbat egitasmori lotutako erabakiak hartzeko osoko bilkura iragarri dute hilero moduan, urriko azken ostegun honetarako, urriaren 27rako 18:00etan udalbatza aretoan. Batetik azaroaren 18tik abenduaren 2ra ospatuko den 3. Euskaraldia hartuko dute ahotan edota handik gutxira, abenduaren 17an Santuenean ospatuko duten galdeketa, etorkizuneko auzoa diseinatzeko iaztik martxan duten parte hartze prozesuaren testuinguruan.
Aurrera bidean dira baita Ugartondoko urbanizazio berrian eraikitzen ari diren Txirikorda belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioari lotutako lanak. Bitartean, 30 urtera arteko eta 65 urtetik gorako herrikideak bertan elkarbizitzen jartzeko prestaketa lanetan da Udala. Gaurko udalbatzarrean "baremazio eta esleipen prozedura erregelamenduaren" onarpena bozkatuko dute.
Eraikin berri honetatik hurbil dagoen Haur Eskola ere hizpideen artean izango dute udal ordezkariek. Eta diru kontuak; 2022ko aurrekontu exekuzioaren berri ematea; 2022-007 kreditu aldaketa onartzea; 2022. urteko Lanpostuen Zerrendaren aldaketa; 2022. urteko Plantilla Organikoaren aldaketa; eta 2022an produktibitate osagarriak sortzea.
UDALBATZARRA
Eguna: urriak 27, osteguna.
Ordua: 18:00.
Tokia: Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoa.
Deitzailea: Usurbilgo Udala.
Gai-zerrenda:
1-2022ko uztailaren 21eko bilkurako aktaren onespena.
2-Alkatetzako dekretu hauen berri ematea: 2022ko irailaren 27tik urriaren 21era (2022/957-2022-1052).
3-2022ko aurrekontu exekuzioaren berri ematea.
4-2022-007 kreditu aldaketa onartzea.
5-Udarregi Ikastolari Usurbilgo Haur Eskolaren 2008ko zerbitzu eta kudeaketa kontratuan jarritako bermea itzultzea.
6-Santuenea auzoko abenduaren 17ko galdeketa: galdera, prozedura administratiboa eta agiriak ontzat ematea.
7-Ugartondoko Txirikorda eraikinean belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioen baremazio eta esleipen prozedura erregelamendua ontzat ematea.
8-2022. urteko Lanpostuen Zerrendaren aldaketa.
9-2022. urteko Plantilla Organikoaren aldaketa.
10-2022an produktibitate osagarriak sortzea.
11-Euskaraldia.
12-Galdera eta eskaerak.