Alerta laranja eta hainbat debeku indarrean baso-sute arrisku oso handiagatik

Noaua Aldizkaria 2022ko urriaren 27a

Alerta laranjan izango gara egunotan baso-sute arriskuagatik. Hainbat debeku eta murrizketa ere indarrean jarri ditu Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak. Uda giro beteko egunak izango ditugu urria amaiera honetan.

"Baso-sute arriskua oso handia da". Argi ohartarazten ari da Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Saila azken egunotan. Uda giro beteko egunak bizitzen ari baikara asteotan eta "hegoaldeko haizearen indarragatik, tenperatura altuengatik eta landarediaren egoeragatik", baso-sute arrisku handiari lotutako alerta laranjan izango gara egunotan. Hainbat debeku eta murrizketa ere indarrean daude gauerdiaz geroztik, gutxienez igandera arte, urriaren 30era arte. Honako hauek iragarri ditu Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak:

-Sua erabiltzea edo sua eragin dezaketen jarduerak egitea, hala nola nekazaritza- eta baso-eremuetan deflagrazioak, txinpartak edo deskarga elektrikoak sor ditzaketen makinak erabiltzea.

-Su artifizialak, petardoak eta pirotekniako bestelako elementuak erabiltzea eta barbakoak egitea, hori guztia baita hiri-lurzoruan ere eta zuhaitzak eta zuhaixkak dauden lursailetatik, sastrakadietatik edo edozein eratako labore-sailetatik 300 metrora baino gutxiagora.

-Bertan behera geratuko dira uztondoak, larre iraunkorrak, inausketako adarrak eta basoko hondarrak erretzeko emandako baimen guztiak.

-Debekatuta egongo da erretzen ari diren objektuak edo sutea eragin dezakeen edozein eratako materialak botatzea edo abandonatzea.

Isunak
Ezinbestean bete beharreko debeku edo murrizketak izango dira honako hauek, Eusko Jaurlaritzatik gogorarazten dutenez. "Ez betetzea arau-hauste “larritzat” edo “oso larritzat” jo daiteke, eta ezarri ahal izango diren zigorren artean, 1.501 eurotik 30.001 eurora arteko isunak daude, Larrialdiak Kudeatzeko Legearen (apirilaren 27ko 1/2017 LD) 69, 70 eta 73 artikuluetan ezarritakoari jarraituz", Jaurlaritzatik ohartarazi dutenez.