Zaintza ekosistema eredu propio bat eraikitzeko prozesu betean da herria azken bi urteotan. "Zaintza eredu berri batek erdigunean jarri behar ditu pertsonaren nahiak, pertsona bakoitzaren lehentasunak eta erabakiak". Zeregin horretan, "eragile desberdinok dugu funtzio nagusi bat", guztiok alegia, Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak, azaroaren 19rako antolatu duten Zaintza Azokaren eta hitzaldiak aurkezteko egunotako agerraldian agertu duenez.
Zaintza lanen erantzukizuna partekatua da, zaintza ekosistema eredu berria eraikitzeko bi urteotako gogoeta prozesuan azaleratu den moduan. Nola zaindu nahi dugun, nola zainduak izan nahi dugun eta horretarako zer betebehar egiteko prest gauden erakundeak, norbanakoak, komunitatea... Ildo hauetatik abiaturiko hausnarketa prozesu honetatik, "tokiko ekosistema bat osatu nahian" dabiltza, "Usurbilen lurralderatua, errotua. Usurbilgo beharrei eta errealitatetik abiatzen den ekosistema bat osatu nahian eta lanketa hain justu modu kolektiboan ari gara egiten". Ertz asko dituen gai honen bueltan egon daitezkeen begirada guztiak bilduta, eta begiradarekin batera, bizipenak, esperientziak, iritziak... "zaintzari ikuspegi integral" batetik helduta.
Alkatearen esanetan, mende honetako erronka nagusietakoa bilakatu den zaintza lanen gaiari heltzeko "ezinbestekoak dira begirada feminista batetik eraikitzen diren politika publiko ausartak, eta horregatik, helburu horrekin ari gara gure aletxoa jarri nahian Usurbilen eta Usurbildik. Gu jakitun gara nekez eragin dezakegula merkatuan. Gure mugak baditugu horretan, baina arlo komunitarioan, administratiboan, bai eragin dezakeen eta eragin behar duen eredu berri bat martxan jarri nahi dugu, justizia sozialean, eta nola ez, ongizate komunitarioan oinarriturikoa".
"Elkarlana ez da aski"
Bi fase izan ditu orain arteko lanketa prozesuak. Lehenengoan, gaiarekin zerikusia duten eragile guztiak ordezkatuko zituen bilgune bat sortu zuten, hausnarketarako. "Bertan hausnartzen aritu ginen zer den zaintza, nola zaindu eta zainduak izan nahi dugun. Horretarako, gaur egun Usurbilen zer zerbitzu mota ditugun, zerbitzuen inguruko mapaketa egin genuen. Zer den zaintza ekosistema bat irudikatu genuen, zer den zaintza sare bat eta hor gako asko atera ziren". Bereziki, pertsonen beharrak eta bizitza duina erdigunean jarri beharra, begirada feminista eta antiarrazista barnebiltzea edota zainduak eta zaintzaileak babestea. "Guztiok dugu zainduak izateko eskubidea baina ez beste pertsonen eskubideen kaltetan", gogorarazten du alkateak. Bestelako zaintza ekosistema eredu bat eraikitzeko ezinbestekotzat jotzen du horregatik, "zaintzaile profesionalen lan baldintza duinak bermatzea, erantzukidetasunaren gaia. Elkarlana ez da aski, sentitu behar dugu zaintza lanetan erantzukizuna dugula guztiok". Gizonezkoei ere gai honetan baduten erantzukizuna oroitarazi zuen. Eta komunitate osoarena, bere inplikazioak berebiziko garrantzia izango duelako. Horren guztiaren koordinazio lanak "eskatzen du gure gizarte zerbitzuak, gizarte langileen papera indartzea eta gizarte zerbitzuek horretan guztian duten ahalmen hori ahalduntzea, gure gizarte langileak ahalduntzea". Erakundeek dituzten eskumenen errebisioa ere bai, alkatearen esanetan.
Bide-orria martxan 2023an
Horretarako, egungo eredua aldatzeko lau talde operatibo osatu dituzte prozesu honetako bigarren fasean; "zerbitzuekin, gizarte zerbitzuekin, komunitatearekin, zaintza behar duten pertsonekin, gako horietan guztietan sakontzeko eta edukiak emateko". Eginiko lanketaren emaitza "Usurbilen zaintza eredu berri bat inplementatzeko eskatzen dizkigun urratsak eta eginbeharrak jasoko dituen bide-orrian amaituko da", iragarri du alkateak. 2023an jarri nahi dute martxan.
Aurretik, orain arte eginiko lanketa guztia plazaratu eta partekatzeko Zaintza Azoka antolatu dute azaroaren 19rako eta formaziorako hitzaldi zikloa azaroan hasi eta urtarrilera arte, "pertsonak ardatz, zaintzak eraldatzen" aldarripean.