Berriki Usurbil Futbol Taldeak eta Usurbil Kirol Elkarteak, herriko futbol eta eskubaloi taldeak biltzen dituzten bi elkarteek antolaturiko Garagardo Azokaz gozatu ahal izan dugu lau egunez. Jendetsu bezain arrakastatsua izan da kirol arloko bi herri eragileok lankidetzan antolaturiko ekimena. Lehenengo Garagardo Azoka da elkarlanean prestatzen aritu eta plazaratu dutena. Azoka dinamikoa, jan-edanaz nahiz musikaz blaitu zutena.
Modu horretan, bi taldeek batera antolaturiko estreinako Garagardo Azoka izan zen. Izatez ordea, ez lehenengoa. Aurrez beste edizio bat izan zuen ekimen honek; 2007ko iraila amaieran hain zuzen. Orduko hura Usurbil Futbol Taldeak antolatu zuen. Jendetsua izan den duela aste gutxikoaren antzera, lau egunekoa izan zen orduko hura ere. Besteak beste, herria dinamizatu, girotu eta kluberako babes ekonomikoa handitzeko egin nahi izan zuten. "Azoka Usurbil FT taldeak antolatu du. Diru-iturri honen bidez, kirol taldea indartu nahi da", jaso zuen garai hartako NOAUA! aldizkariak.
Urte haietan aipatu kirol bilgunea sustatzen ari zen kideetako batek, Urtzi Izagirrek hala adierazi zion 2007ko irailaren 21ean argitaratu genuen aldizkarian. "Orain arte ez genuen instalazio egokirik. Orain futbol zelai berria dugu, erregional mailako bi talde, nesken taldea... Sekula baino gazte gehiago ditugu. Taldea indartu behar dugu", zioen.
Formatua aurtengoaren antzekoa izan zen aipatu moduan; lau egunez, ostegunetik igandera luzatu zen Garagardo Azoka. Garagardo desberdinak nahiz afaltzeko ere jaki goxoak dastatzeko aukera izan zuten frontoira joandakoek.