Mundualdia

Askatasuna plaza, herriko jatorri aniztasunaren ispilu

Noaua Aldizkaria 2022ko urr. 30a, 12:41

Karlos Zabala "Arrastalu" herrikide dugun sortzaileak, duela 20 urte Askatasuna plaza irudi ederrez hornitu zuen. Berritu eta eguneratu egin du enparantzaren buelta osoa azken aldian. Hondatuak zeuden irudiak konpondu eta azaroaren 5eko Mundualdia ate joka dugun honetan, Usurbilgo jatorri aniztasuna islatuko duten irudi berriak ere txertatu ditu. Egunotan aurkeztu dute, jada ikusgai duzuen emaitza.

20 urte bete dituen Askatasuna plazak itxura berria du. Osteratxoa egiten baduzue, ondo begiratu horma irudietan. Badaude eta berrikuntzak. Duela bi hamarkadako artista berak, Karlos Zabala "Arrastalu"-k sortutako lanak berritu ditu Usurbilgo Udalaren enkarguz. "Hainbat irudi kaltetuak zeudela ikusita, Arrastalurekin jarri ginen kontaktuan, artelan honen sortzailearekin. Hain maitea dugun Askatasuna plaza honetako hormak leundu eta kolorez janzten lagundu zigun", Beñat Larrañaga udal zinegotziaren esanetan.

Bi lan egitea eskatu zioten Arrastaluri; batetik, hondatutako irudiak konpondu eta lehengoratzea. "93 pieza eta 140 begi osatu behar izan ziren". Eta bestetik, mantentze lanok herria 20 urteotan nola aldatu den irudikatzeko baliatzea. "Duela 20 urte egindako lan honetan Usurbilgo errealitatea, herria irudikatzen zen, hainbat herritar eta lanbiderekin, herriko paisiarekin, kultur nahiz kirol eragileekin...  Baina 20 urteotan herria aldatu egin da", oroitarazten du udal gobernu taldeko kideak.

Ate joka dugun Mundualdira begira, Usurbilgo jatorri aniztasuna islatzeko baliatu dituzte Udalak eta Arrastaluk azken aldiko Askatasuna plazaren itxura berritze lanak. "Usurbilgo jatorri aniztasunari erantzun asmoz egin genion bigarren enkargua Karlosi. Gure iruditegiaren parte den Askatasuna plazan, herriko errealitatea, herriko jatorri aniztasuna hobeto islatua gera dadin hemendik aurrera".

"Denon begiak berdinak dira"
Usurbilgo jatorri aniztasuna hobeto islatzeko beharra bazen, artistak berak nabarmendu moduan, "20 urte pasa ondoren oso nabarmena zen Askatasuna plazan jende asko falta zela". Zabalaren asmoa, "beti izan da gizakiaren alde positiboenari begiratzea. Horregatik figura hauek monigoteak direla ematen du, eta hala dira. Gezurra dirudi baina artista baten konklusio bat da".

Askatasuna plazako figuren begiei erreparatu nahi izan die sortzaileak. "Gure azala, gure itxura oso aldakorra da. Tatuatu, pintatu edo jantzi daitekeena da. Baina bada oso interesgarria den zerbait; figura hauek guztiek duten ezaugarri komuna begiak dira. Denon begiak berdinak dira, hemen, Afrikan edo Alaskan. Ni horretan oinarritu naiz".

Askatasuna plazako irudien berritze lanen harira, hemen Karlos Zabalak aste honetako aldizkarirako eskainitako elkarrizketa.


"Askatasuna plazako zeramika
lanek herriko egunerokoa irudikatzen dute”
Askatasuna plaza eta inguruan duen parkean dagoen artelana berritze prozesua betean dago. Carlos Zabala “Arrastalu” arduratu da, duela 20 urte bezalaxe, artelan hori sortzeaz. NOAUA!rekin izan da artista zaharberritze lanen nondik norakoak ezagutzeko.


NOAUA! Parke inguruko zeramikazko piezak konpondu eta aldatzen ari zarete. Denbora asko eramango al dute zaharberritze lanek?
Arrastalu: Bukatzen ari gara jada. Gure asmoa da azaroaren 5erako amaituta izatea. Aniztasunaren Eguna izango da eta lan hau ideia horretatik elikatuta dago. Lehengo lana zabaltzen ari gara orain.

Sortu dituzun pieza berriek zer adierazten dute?
2003an, plaza eta parkea egin berritan, ondo definitu gabe zegoen lekuaren funtzioa eta identitatea. Denborarekin erabilpenak erakutsi digu espazio hauek zertarako diren eta jendeak zertarako erabiltzen dituen. Asteazkenetan feria egiten dute aterpean, albo bietara parkeak daude haurrak eta gurasoak egoteko. Definizio hori badu jada. Orain egiten ari garen proiektuak bide hori jarraitzen du, haurrentzako leku bat prestatzen ari gara aterpean eta ume jokoak ere badaude tartean, kanikekin eta. Haurren nahiak irudikatu ditugu jirafa baten bitartez, animaliak orokorrean, aniztasuna, neska-mutilen arteko harremanak... herriko egunerokoa irudikatzen dute eta espazio hauek gozatzen dituzten horiek daude irudikatuta zuzenean. Keinu bat egin nahi diegu herritarrei. Patri jatetxean ere bihotz batzuk daude zuhaitzetan, eta Haltzak berez ez du bihotzik, horregatik daude hor. Denborarekin, zuhaitzaren azalak bihotz horiek jan egingo ditu eta barruan geratuko dira. Modu horretara, jendeak jakingo du barruan bihotzak daudela eta herriko “sekretua” izango da. Alde poetiko hori bilatu nahi izan dut lan honetan ere. Literatura eta arte plastikoen fusio bat da.

Duela 20 urte egindako lanak ere filosofia bera al du?
Herritarrei keinu bat egin nahi izan nien orduan ere. Artzainak, angulazaleak, oilasko biltzaileak, dantzariak, bertsolariak, bikote homosexual bat, kirolariak, herriko pertsona ezagunak... Momentuko errealitatea adierazten du. Aldaketa garai baten aurrean geunden, gizartean pil-pilean zeuden hainbat gai.

Lan horrek 20 urte egingo ditu 2023an. Zein dira horrelako artelan bat apurtzeko kausak? Meteorologiak
eragina izan al dezake?
Artelanak, sortu berritan, eraso batzuk jasan zituen 2003an eta lehenengo urte eta hilabeteetan. Mosaiko mota hau ez da ezaguna; zerbait oso berria da. Piezak erakargarriak dira, dizdira dute eta pertsonaien begiak kristalezkoak dira. Oso normala da apaingarri hauek kentzen saiatzea eta etxera eramatea “souvenir” modura. Pieza txiki bat kentzen baduzu ez da ezer, ez du ezer irudikatzen. Mosaiko bati tesela bat kentzea bezala da. Mosaikoek osotasunean dute balioa eta erakargarritasuna, tesela batekin ez dugu ezer egiten. Beraz, lehen eraso horien ostean falta ziren piezak berriz jarri genituen eta egin beharreko aldaketa txikiak prestatu genituen.

Zeramika da gehien lantzen duzun materiala?
Pintura lantzen dut gehien bat, baina eskultura ere beti egin izan dut. Material ugari erabili ditut horretarako: brontzea, egurra, zeramika... Proiektu hauetarako, kalean egon eta urte asko irauteko egokiena zeramika da. Egurra denborarekin hondatu egiten da eta harria itxusitu egiten da. Gainera, estilo honetako zerbait egiteko harria oso hotza da, beste gozotasun bat behar du honelako lan batek. Buztina edo zeramika da horretarako egokiena.

Laster 50 urte beteko ditu herrian dagoen zeramikazko beste artelan batek. Jose Luis Zumetaren frontoiko hormako lanak, hain zuzen. Gogoan duzu Zumeta lan hura egiten?
Lagunak ginen biok. Tailerrean ere izan nintzen artelan hori egiten zuen bitartean. Emazteak asko lagundu zion proiektu horretan. Mojetako eskolaren azpialdean zeukan lehen labea. Lan asko egin zituen hark eta baita nik ere labe hartan. 2003an egin nuen proiektua (Askatasuna plazakoa) ez nuen labe hartan egin, jada banuen nirea.

Haren lana inspirazio iturri izan da zuretzat?
Laguna izan da, batez ere. Erreferentziazkoak beste batzuk ditut Palazuelo, Soroya eta artista surrealistak orokorrean. Ni Irungoa naiz eta bertan Gaspar Montes Iturrioz margolaria izan nuen inspirazio iturri handia. Gaztea edo haurra nintzela kalean pintatzen ikusten nuen. Han egoten ziren usainak, pintzelak, margolanak... txundituta egoten nintzen begira. Hura ikustea izan zen niretzat ikastaro hoberena. Sekula ez dut ahaztuko hori.

Artelan gehiago ere badituzu beste herri batzuetan, ezta?
Getarian joan zen udan egin genuen oso mural polita. Oso gustora geratu naiz lan horrekin. Elkanori buruzkoa da, munduari bira emate horretatik tiraka sortutako lana da. Donostian ere enpresa eraikitzaile batentzat egin nuen mural bat. Orain erdia falta du, zati batean nagusia edo aldatu eta kendu egin zuten eta. Orion daukat beste bat. Pixaleku zikin batean nuen lan hura. Oso leku iluna zen eta oso zikina zegoen. Libre utzi zidaten zerbait egiteko eta hormak, lurra eta lorategian lan egiteko aukera izan nuen. Farolak ere egin genituen, pentsa. Ondoko elkarte gastronomikoan jarraipen bat egiten utzi ziguten hasierako proiektu hori oso txikia zelako. Zizurkilen egin genuen proiektua. Usurbilgoaren antzeko klabean irakurtzen da hori ere, herriko pertsonei keinu eginda eta hango sekretuak biltzen dituena.

Badituzu proiektu gehiago datozen urteetarako?
Orain idazten ari naiz. Azaroan Usurbilgo proiektua bukatzean atseden txiki bat hartu nahi dut eta idazten jarraitu.

Arrastalu da zure izen artistikoa. Nolatan ezizen hori?
Aitonaren ezizena zen Arrastalu. Abereen tratularia edo tratantea zen hura Irun inguruan ibiltzen zena. Zaldiz ibiltzen zen beti Kolon pasealekuan barne. Familia osoa Arrastalu izenez ezagutzen zuten, baina familian ez zitzaien gehiegi gustatzen izen hori. Nik ontzat hartu nuen izena eta izen artistiko bilakatu dut. Aitona banandu egin zen eta amona baserrian utzita hainbat umerekin. Baserria eta lurrak utzi zizkion, eta bera bikotekide berriarekin Argentinara joan zen bizitzera. Urteak pasatu ziren ordutik eta Diario Vasco edo La Voz de España edo halako egunkari batean orri osoko erreportaje bat ikusi nuen Argentinako Euskal Etxearen inaugurazioaren berri ematen zuena. Domingo Zabala Arrastalu ere han zen. Beraz, aitonaren omenez Arrastalu izen hori.