Mundualdia

Aniztasun Kontseilua plazaratuko duen Mundualdiaren itzulera azaroaren 5ean

Noaua Aldizkaria 2022ko urr. 30a, 13:07

Jatorri anitzetako herrikideak biltzen dituen jaialdia ohiko formatuan ospatuko da azaroaren 5ean. Osatu berri duten Aniztasun Kontseilua aurkeztuko dute, munduko txoko anitzetako jakiak, jolasak eta musika ere ekarriko digun hitzorduan.

Jatorri ezberdinetako usurbildarren topagunea garai bateko formatuan datorkigu, bi urteko osasun krisialdiaren ostean. Usurbildik mugitu ere egin gabe, gure artean bizi diren herrikideen arteko hartuemanak sendotu eta ohitura, bizipen, kultura edota gastronomiaren bidez nazioartean barrena bidaiatzea ahalbidetzen digun Mundualdiaz ari gara. Azaroaren 5ean ospatuko da, datorren larunbatean beraz. Munduan zehar ezagunak diren jolasetan parte hartzeko aukera eskainiko du Zirimararen familia-planak goiz partean. Arratsaldean, jatorri ezberdinetako herrikideek haien sorterriko jakiak eskainiko dizkigute. Herrikide zenbaitek ere musika emanaldia ere bai. Herrikideak herrikideekin hartuemanetan jartzeko une ezin aproposagoa beraz.

Frontoian 18:00etan hasita ospatuko den hitzordua gainera, Usurbilen osatu duten Aniztasun Kontseilua aurkezteko ere baliatuko dute. "Talde indarberritu batekin gatoz, betiko jendea eta jende berria txertatu zaigu. Garrantzitsua da nabarmentzea ere, kontseilu honetan herriko eragileak eta herritarrok gaudela elkarlanean udalarekin bat", aipatu zuen Aintzane Iribarrek egunotan Mundualdia aurkezteko Askatasuna plazan antolakuntzak eginiko agerraldiaren baitan.

Kontseiluak irekiak ditu ateak eta kide izatera animatzen du Iribarrek; "edonork parte har dezake, Usurbilen bizitzea aski da". Mundualdian egin ohi dutenari, urtean zehar jarraipena emateko asmotan dira Aniztasun Kontseiluan. Helburua, "usurbildar ezberdinen arteko ezagutza eta harremanak sustatzea da. Horien ondorioz, komunitate eta identitate arteko zubiak eraikitzea, kanal eraginkorrak sortzea eta elkarrekin espazio berriak eraikitzea. Aipatu bezala, aurten Mundualdiaren jaiak aukera ederra eskainiko du horretarako. Ohiko formatua berreskuratu dugu pandemia ostean, poza eman digu pasa ditugun bi urteok eta gero". 

Mundualdiaren eskaintza, Usurbil kide duen Oinherri herri hezitzaileen sareraren baitan herrian osatua dagoen taldeak kulturartekotasunaz antolatu duen tertulia filosofikoak eta Mario Zapatak harrera protokoloen inguruan eskainiko duen hitzaldiak osatuko du.

Atzerritartasunari buruzko saio informatiboa
Deialdiokin batera, Biltzen, Eusko Jaurlaritzaren Gizarteratzea eta Kulturarteko Bizikidetzaren Euskal Zerbitzuak atzerritartasunari buruzko saio informatiboa iragarri du azaroaren 3rako, atzerrian jaiotako herrikideentzat. "Saioaren helburua tratu berdintasunaren eta diskriminazio ezaren kontzeptuari buruzko ikuspegi orokorra ematea da, baita estatu espainiarreko atzerritarrentzako arau-esparrura eta nazionalitate-prozedurara hurbiltzea ere".

Gaiok jorratuko dituzte. Batetik, "atzerritartasunari eta nazionalitateari dagokionez, honako edukien ingurukoak azalduko dituzte, besteak beste: atzerritarren eskubideak, baimenak, berrizteak, familia berrelkartzea, erregimen komunitarioa eta nazionalitatea. Diskriminaziorik ezaren ingurukoak, berriz, oinarrizko kontzeptuen lanketa, diskriminazio esparruak eta diskriminazioaren aurkako borrokaren aldeko baliabideak izango dira".

Harrera herri izateko lanean
Usurbilgo Udaletik jakinarazi duten moduan, "legealdi honetan lanketa betean gaude jatorri desberdinetako herritarren arteko harremana eta elkarbizitza sustatzeko helburuz". Mundualdia zabalagoa den "Usurbilgo jatorri aniztasuna eta elkarbitzia lantzen" izeneko lan-ildo baten baitan kokatua dago. Hainbat proiektu eratorri dira bertatik; hamarkada hauetako migrazio olatuei lotuta, prozesu migratorio hauek ezagutu eta usurbildarrek eraikitako diskurtsoak ezagutzeko duela bi urte eginiko azterketa soziologikoa eta azterketa honen bueltan iaz ekoitzi eta usurbildarrei herrikideak ezagutzea ahalbidetu zien "Migrazioari maskarak erauzten" dokumentala.

Gerora, "jatorri aniztasuna eta bizikidetza uztartuko dituen plan estrategikoari ekin genion". Alkatearen esanetan, "helburu asko jasotzen ditu eta helburuok lortzeko lan-ildo ezberdinak eta ekimen ugari zehaztu ere. Ekimen horietako bat da Aniztasun Kontseilua sortzea", udal ordezkari eta herritarrez osaturikoa, planaren garapen eta jarraipen lanak egitea xede izango duena. Hauxe da hain zuzen, ondoko argazkiko lagunek osatu duten bilgunea. "Une honetan bi zereginetan gabiltza. Batetik, ezinbestekoa deritzogu egun egiten dugun harrera errebisatzea eta berritzea, Usurbil benetan harrera herri izango bada". Udal barrura eta kanpora begirako lanketan ari dira, azaroaren 3an Potxoenean informazio saioa eskainiko duen Biltzen erakundearen aholkularitza eta laguntzarekin.

Aniztasuna, aberastasuna
Alkate Agurtzane Solaberrieta Mesaren esanetan, "mundu anitzago batean bizi gara" eta "jatorri, kultura, bizimodu eta ohitura oso desberdinek inguratzen gaituzte". Baita Usurbilen ere. Euskal Herrian gertatu moduan, 60-70. hamarkadetan Espainiako herrialde ezberdinetatik etorritako herrikideek eta 2000. urtetik aurrera munduko beste herrialdeetatik etorritakoek osaturiko bi migrazio olatu bizi izan ditu udalerri honek. "Horrek jatorri, hizkuntza, kultura, erlijio eta orohar identitate aniztasunaren kudeaketa bera erronka handia bihurtzen du". Erronka eta aukera baita, alkatearen esanetan. "Aniztasuna mehatxua ez, aberastasuna da. Beraz, gure herri eta auzoetako aniztasuna kohesio sozialerako elementu bilakatu beharrean gaude. Baina horrek aniztasuna modu egokian kudeatzea eskatzen du".

Eta beraz, Udaletik "kezka eta ezinegon handiz" bizitzen ari diren "gorroto diskurtsoak eta politika xenofoboak indartzen" ari diren honetan, udalerri honetatik "elkartasunez erantzun nahi diogu migrazio erronka honi". Mehatxu gisa ez, "aniztasuna aberastasuna dela ulertzen baitugu".

Nortasun propioa
Usurbil kohesionatuaren bidean, "kolektibitate berri bat" eraikitzeko beharra nabarmentzen du alkateak, "bere nortasuna, identitatea, hizkuntza bermatzen jakingo duena eta era berean harrera egin eta hemen bizitzea erabakitzen duten pertsona guztien ekarpenak eskertuko dituena, bere jatorria edozein izanda ere. Soilik modu honetan izango gara solidarioagoak, aktiboagoak, eta inklusiboagoak".

Nortasun propioa izango duen herri bat eriaki nahi dute, "bere nortasun ezaugarriak mantentzen dituen herri euskaldun bat baina beste kulturetatik datozen pertsonak errespetatzen eta haiekin bizitzen dakiena, elkar ezagutzeko, elkar ulertzeko eta elkarrekin bizitzeko premia handia dugulako". 

Elkarbizitza espazio soil bat partekatzetik haratagokoa dela ulertzen dute, "elkarrekiko errespetua, enpatia baina batez ere herrrikide izatea da. Horretarako ezinbestekoak dira, ezagutzan eta elkarrekiko aitorpenean oinarritutako ekimenak. Aniztasuna balio positibo gisa eta edozein arrazakeria eta diskriminazio moduren aurkako erefusa sozial eta politiko guztia sustatuko duen herri ikuspegia sustatzea, bai eta pertsona guztien aukera berdintasuna bermatuko duen udal jarduera sustatzea ere".

Horretara dator azaroaren 5eko Mundualdia eta osatu berri duten Aniztasun Kontseilua.

MUNDUALDIA
Azaroak 3, osteguna
17:30-19:30
Atzerritartasunari buruzko saio informatiboa Potxoenean, atzerrian jaiotako herrikideentzat.
Izen-ematea: parekidetasuna@usurbil.eus / 943 377 110 (Gizarte Zerbitzuak).
Antolatzailea: Biltzen, Eusko Jaurlaritzaren Gizarteratzea eta Kulturarteko Bizikidetzaren Euskal Zerbitzua.

Azaroak 4, ostirala
18:00 
Tertulia filosofikoa Potxoenean, LH6ko ikasleei zuzendua, Oinherri herri hezitzailearen eskutik. Gaia: kulturartekotasuna.

Azaroak 5, larunbata
11:30-13:00 
Munduko jolasak Zirimararekin herriko frontoi inguruan. FAmilia plana, munduko beste herrialdeetako jolasak ezagutzeko. Kulturarekotasunean sakontzeko. gure etorkizuna haurrengan dago.

18:00 Herriko frontoian:
-Aurkezpena. Alkatearen agurra eta Aniztasun Kontseiluaren aurkezpena. 
-Jakien dastaketa. 
-Musika emanaldiak: Saul eta Alvaro herrikide nikaraguarrak, eta Kawadeni taldea, Afrikako perkusio doinuekin. 

Azaroak 10, osteguna
18:00 Mario Zapataren hitzaldia Potxoenean, harrera protokoloen inguruan.