Etxegabetze arriskuan den 80 urteko Maria Angeles herrikideari babesa adierazi eta laguntzarako taldea osatu zuten iragan urriaren 21ean Usurbilgo Udalak eta jubilatuek Artzabalen deitu zuten bilkuran. Hasieratik argi ikusi zuten, gai honi herri erantzun bat emateko beharra. Horretarako, laguntza bildu eta herri haserrea plazaratzeko mobilizazioei ekin asmo zietela adierazi zuten.
Bilkura hartan erabakitakotik dator azken orduotan Maria Angelesi babesa adierazi eta laguntzeko herri bilgunetik NOAUA!ra helarazi duten deialdia. Elkarretaratzea deitu dute, Artisau Azoka ospatuko den azaroaren 1erako, 13:00ean Dema plazan, "Etxekaleratzeen aurrean elkartasuna" aldarripean eta xede argi batekin; "Maria Angeles bere etxean geldituko da!". Mobilizazioa noski, etxebizitza eskubidea dela, ez dela negozioa salatzeko baliatuko dute.

"Gutako edonori gerta dakiguke"
"Zer egin liteke?" erantzun errazik ez duen galdera zail honen bueltan aritu ziren urriaren 21ean Artzabalgo aretoan. Zer eta nola egin, zerbait egin beharra dagoela argi izanda. Zaila eta bidegabea baita Maria Angeles herrikidea bizitzen ari den unea. Berehalakoa izan ez arren, etxegabetua izateko arriskuan da 80 urteko emakumea. Zer eta nola lagundu Maria Angeles, helburu horrekin bildu ziren urgentziaz iragan astean Udala, Usurbilgo EHBildu eta herriko hiru jubilatu elkarteak, eta hor erabaki zuten urriaren 21eko Artzabalgo bilera deitzea.
Bilkura jendetsua izan zen, belaunaldi ezberdinak erakarri zituenak. Ohartarazpen argi batekin; "gutako edonori gerta dakiguke. Gaur Maria Angeles da, baina bihar ez dakigu nor izango den", nor aurki daitekeen egoera berean, Usurbilgo alkateak gogorarazi zuenez.
"Delitu bakarra, semea laguntzea"
Kaleratzeak Stop plataformara jo zuen Maria Angelesek laguntza eske. Eta bilgune honen bidez jaso zuen Udalak duela aste gutxi, herrikidea bizitzen ari den injustiziaren berri. Kaleratzeak Stop plataformatik salatu zuten moduan, "egoitza Madrilen duen Reno Amusement SL mailegu-emaileak 60.000 euroko hipoteka-mailegua formalizatu zuen hildako semearekin, Maria Angelesen ordaindutako etxebizitzaren bermearekin eta epemuga aurreratuaren abusuzko klausularekin". Tarte horretan semea hil zitzaion Maria Angelesi. Egun, aipatu dirutza hori ordaindu beharrean aurkitzen da 80 urteko herrikidea. "Bere delitu bakarra semea laguntzea izan da", nabarmendu zuen alkateak Artzabalgo bilkuran.
Etxea subasta publikora ateratzeko agindua emana dago, baina Kaleratzeak Stop plataformako Maria Angelesen abokatuak helegitea aurkeztua du. "Epaileari eskatzen zaio subasta agindua eten eta zorra ordaintzeko aukera ematea Maria Angelesi", Artzabalgo bileran Solaberrietak azaldu zuen moduan.
Une honetan egoera zertan den zehaztu zuen: "helegitea tramitera onartua izan da". Albiste ona den arren, "ez dakigu zer gertatuko den, Maria Angelesi zorra ordaintzeko aukera emango zaion" edo ez. Gaurkoz ez dago argi noiz emango den ezagutzera ebazpena. Abian den bide judizialaren helburua, "Maria Angeles bere etxean geratzea da".
Alkateak argitu nahi izan zuenez, etxegabetze arriskua hor dago bai, baina gaurkoz agindu hori ez da berehala gauzatuko eta geratzen den denbora tarte honetan gainera horixe saihestu nahi dute. Badirudi, kasu eskandalagarri hau hedabideetan agertu izanak bankuek Maria Angeles laguntzeko izan dezaketen jarreran eragina izan duela. "Oihartzun mediatiko oso garrantzitsua izan du zorionez", nabarmendu zuen Agurtzane Solaberrietak. Halere, Artzabalgo bilkuran argi utzi zuten moduan, herrikideak behar duen "diru guztia ez diete emango".
Bi lan-ildo
Egoera honen aurrean, bilkura hasieratik gakoa den eta herrian ezaguna den hitz gakoa mahai gaineratu zuten; auzolanarena. Uholdeak izan direnean, suteak... eta kasuotan herritarrak kaltetuak izan direnean, "herriak oso erantzun ona eman izan du" laguntzerako orduan. Auzolan horri heltzea proposatu zuten Artzabalen, oraingoan Maria Angeles laguntzeko. Herri erantzun bat eman nahi diote egoera bidegabe honi.
Herri erantzun hau artikulatzeko bi bide jorratzeko asmoa agertu zuten bilkurara joandakoek; batetik, Maria Angelesi egotzi dioten zorra ordaintzen laguntzeko crowdfunding kanpaina bat bideratzea. Dagoeneko plataforma ezberdinekin hartuemanetan direla adierazi zuten bileraren deitzaileek. Bigarren bidea, injustizia hau plazaratzea, "haserrea irudikatzeko" mobilizazioak proposatzea litzateke. "Antolatu egin behar gara eta prestatu", deitu zuten.
Belaunaldiartekotasuna
Belaunaldi arteko elkartasun eta laguntza agerikoa zen bilkuran. Aztarrika gazte asanbladako ordezkaritza bat bertaratu zen eta laguntzeko prestasun argia erakutsi zuten "antolatuko ditugun ekimenetan bildutako dirua" jartzeko, baita Maria Angelesen alde herrian deitu daitezkeen ekimenekin bat egiteko ere.
Artzabalgo bilkura amaieran bertaratu eta laguntzeko prest zirenen izen-abizenen zerrenda osatu zuten. Bilera berri bat deitzekoak dira laster.