Azken ostiraleko mobilizazioa gaur

Noaua Aldizkaria 2022ko urr. 28a, 09:36

Sarek deitutako euskal presoen eskubideen aldeko mobilizazioa gaur 20:00etan Mikel Laboa plazan.

Hilero moduan, urriko azken ostiral honekin batera, Sarek deitutako elkarretaratzea gaur (urriak 28) iluntzeko 20:00etan Mikel Laboa plazan. Gogoan izan, uda amaieran gaurko iragarria zegoen kontzertu gaua bertan behera geratu dela. Mobilizazioa, presoen auzibideari konponbidea emateko azken urteotan martxan izan duten "Izan Bidea" dinamikari amaiera eman zion Sarek urriaren 8an Donostian antolaturiko manifestazioarekin eta jaialdiarekin. "3.127.326. Gaur, duela bi urte gure buruei ezarritako erronka bete dugu: guztion artean Euskal Herria dituen biztanle haina kilometro osatzea. Horregatik, ospakizun eta aldarrikapen eguna da gaurkoa. Egindako bidea eta bideak ekarritako lorpenak elkarrekin ospatu nahi ditugu. Eta oraindik lortzear ditugunak aldarrikatu", zioten antolatzaileek egun hartan plazaratu zuten manifestuan".

"Oraindik ere mugarri asko ditugu irabazteko"
Sareren esanetan, "sortu ginenetik, horixe izan da Sare Herritarraren lana. Mugarriz mugarri aurrera egitea, erronka berriak ezarriz, euskal preso, iheslari eta deportatu guztiak etxeratze prozesua gauza dezaten. Guzti hau ahalegin kolektibo baten emaitza izan da eta ahalegin bera eginez jarraitu behar dugu. Kaleetan aldarrikatuz, parlamentuetara eskariak eramanaz, euskal sindikalismoaren babesa bilatuz eta egoera aldatzeko aukera duten erakunde eta pertsona guztiekin elkarrizketa bideak zabalik mantenduz. Orain arte horrela jokatu dugu eta aurrerantzean ere horrela jarraituko dugu".

Presoen eskubideen urraketei amaiera emateko zailtasuna argi izanda, "pixkanaka mugarri berrietara iristen ari gara. Ukaezina da presoak gaur egun etxetik gertuago daudela. Hala ere, Aragoi, Gaztela, Madril, Errioxa eta Kantabriako kartzeletan euskal presoak daude oraindik. Eta horrekin amaitu beharra dugu". Urruntze-politika ez dela amaitu gogorarazten du Sarek. "Horregatik ezin gara erlaxatu, erne egon behar dugu. Ongi goaz, BAI, baina oraindik ERE mugarri asko ditugu irabazteko". Oraindik indarrean segitzen baitu salbuespen-legeriak eta haren "amaiera aldarrikatzen dugu. Eta espetxe legediaren zentzuaren aurkakoa den zigorren betikotzearen eta botere-abusuaren aurrean izango gaituzte". 

Hurrengo hitzordua finkatua dute; ohi bezala datorren urte hasieran Bilbon. "Eta ez ahaztu data berri bat dugula egutegian. Urtarrilaren 7an eginahal guztiak egiteko unea da. Behin betiko konponbidearen unea da", Sareren esanetan.