"Bizitzak bi zuloen artean dirau:
Zulo batetik gatoz, zulora goaz.
Bi arrakalen tartea.
Hutsuneak bete nahian igarotzen dugun tartea.
Harriko zuloa, herriko zauria.
Ekin ta ekin, tirita jarri ta jarri.
Zauria dago hor, baina… -dio orbainak.
Zuloak harriari min ematen al dio?".
Hortxe "Harri minak" antzezlanaren aurrerapentxoa. Udalbiltzaren "Geuretik Sortuak" egitasmoaren baitan, 2021. urtean Berritza eta Bonbon Beltz konpainiek ondutako antzezlana igande honetan, urriaren 30ean ikusgai izango dugu arratsaldeko 18:30etan hasita Sutegiko auditorioan. Josune Gorostegui eta Dominika Recalt (Titika) dira egileak eta antzezleak, Amancay Gaztañaga zuzendaria. Emanaldirako sarrerak doan, gonbidapenak alegia, usurbilkultura.eus plataforman eskura ditzakezue.
Bigarren edizioa martxan
Euskarazko sorkuntza sustatu eta euskal sortzaileei ere sorkuntza lanok eskaintzeko plaza jartzen dien Udalbiltzaren "Geuretik Sortuak" egitasmoaren bigarren edizioa martxan dela iragarri dute. Usurbilgo udalerria kide duen erakundeak gogoan izan, 2021. urtean abiarazi zuen estreinako aldiz egitasmo hau. Orduko hartan gogoan izan, bi herrikide aurkeztu ziren deialdira; Yolanda Arrieta eta Ugaitz Agirre idazleak. Etxarri-Aranatzen eta Artziniegan egindako egonaldietan sorkuntza lan bana bideratu zuten bertako errealitatean oinarrituta. Itxaro Borda Baionako idazlea bestalde, gure artean izan genuen; Usurbilen egindako egonalditik "Gauak Zuri Usurbilen" kontakizuna ondu zuen.
Horixe baitzen egitasmo honen helburua; sortzaileak euren sorterritik atera eta Euskal Herriko beste herri batean egonaldi bat egin eta han idazlan, antzezlan edota ikus-entzunezkoak sortzea, euskaraz noski. "Aurreko edizioaren arrakastak bultzatuta, eta hainbat hilabetez luzatu den prestaketa garai baten ostean, martxan da berriro ere Geuretik Sortuak ekimena".
Berrikuntzekin gainera. "Euskaraz sortutako artea sustatu eta hedatzea helburu duen egitasmo honek bigarren edizioa izango du, 2023. eta 2024. urteetan zehar luzatuko dena. Zinegintzan, Antzerkigintzan, Literaturan eta, estreinakoz, Komikigintzan aritzen diren sortzaileei zuzendutako beka deialdia" martxan du Udalbiltzak, azaroaren 26ra arte. Ipuin eta komikiak sortzeko datorren irailaren 22ra arteko epea izango da, antzezlanak 2023ko azaroaren 24ra arteko tartean eta film laburrak 2023ko abenduaren 23ra arte.
Aurreko edizioan bezala, oraingoan ere hiru astera arteko egonaldiak egin ahalko dituzte sortzaileek euren sorterritik kanpo lan ezberdinak ontzeko. Bi beka jasoko dituzte trukean; bat sormenerako (egonaldiko gastuei aurre egiteko baita), bestea lan horien aurkezpen faserako. "Deialdian ez da edizio honetan parte hartuko duten udalerrien zerrenda argitaratuko. Bertara aurkezten diren sortzaileek, eurek garatu nahiko luketen proiektuaren proposamen ireki bat aurkeztu beharko dute, baita eremu ezberdinetara egokitzeko gaitasuna eta malgutasuna adierazten duen beste dokumentu bat ere. Herri bakoitzari hoberen dagokion artista eta proposamena esleitzeko Balioespen Batzordea osatuko da, behin deialdia amaituta".
Esklusibotasun-eza
Sorkuntza lanok plazaratzeko moduan ere berrikuntzak iragarri ditu Udalbiltzak. Ipuin luzeak aurreko edizioan bezala bilduma batean argitaratuko dituzte, komikiekin ere berdin egingo dute, baina kasu honetan, erakusketa ibiltari baten bidez ezagutaraziko dira. Antzerkiak zirkuitu baten baitan eta ikus-entzunezkoak ez dira film luze bakar baten baitan bilduko, "bakoitzak bizitza propioa izango du, nahiz batera aurkeztuko diren".
Beste aldaketa bat; eskusibotasun-ezarena. "Zirkuituaren epemugen baitan, sortzaileek proiektuan parte hartuko duten udalerriak ez diren beste eremuetan aurkeztu ahal izango dute lana. Beti ere, baldintza batzuk bete beharko dira kasu hauetan: egitasmoan sartuta dauden udalerriei lehentasuna emango zaie egitaraua zehazteko, egonaldia egin den lekuan aurkeztu beharko da lehen aldiz sormen lana eta, antzerkiaren kasuan, ekimenetik kanpoko udalerrietan egiten diren aurkezpenetan %15ean handitu beharko dute katxeta. Horrez gain, bigarren edizio honek hedapen fasean izango duen beste aldaketa batek zirkuituaren moldagarritasunean datza. Herri bakoitzak ez du zertan sortutako lan guztien emanaldiak hartu; bai ordea, sortutako lanen erdia gutxienez. Aukeraketaren arabera, zirkuitu moldagarri eta parekide bat sortuko da lan guztien artean".
Informazio gehiagorako: udalbiltza.eus