Santueneko galdeketa
"Nahi al duzu auzoaren erdigunea berrantolatu, horretarako eskubaloi kantxaren neurriak txikitu behar badira ere?". Galdera honi erantzuteko aukera izango dute Santuenean erroldaturiko 16 urtetik gorako bizilagunek datorren abenduaren 17an. Auzo galdeketa bideratzeko galdera bera, agiriak eta prozedura administratiboari buruzko beste hainbat xehetasun babestu eta onartu zituen udalbatzak, osteguneko osoko bilkuran. Iaztik auzoaren etorkizuna diseinatu eta eraikitzeko Santuenea Elkarlanean bideratzen ari den parte hartze prozesuaren testuinguruan kokatu beharra dago urte amaieran ospatuko duten auzo galdeketa.
Txirikorda
Ugartondoko urbanizazio berrian urte amaierarako eraikitze lanak amaitu ditzaketen Txirikorda egitasmoa abiararazteko urrats berria eman du udalbatzak, ostegun honetako osoko bilkuran. Belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioaren baremazio eta esleipen prozedura erregelamendua hasieraz onartzea erabaki zuten. 30 eguneko alegazio epea zabalduko da laster. Araudiak, 16 etxebizitzak esleitzeko era eta epeak, onuradun izateko baldintzak, baremazioa, eskaeren aurkezpena... zehazten du.
Haur Eskola
2008an Haur Eskolaren zerbitzu eta kudeaketa kontratuaren berme bezala jarritako abala itzultzeko erabakia hartu dute ostegun honetako osoko bilkuran, hamahiru urteko kontratua amaitu ostean.
Euskaraldia
Azaroaren 18tik abenduaren 2ra "hitzez ekiteko garaia" aldarripean ospatuko den hirugarren edizioarekin bat egitea erabaki du Usurbilgo Udalak entitate moduan eta izen emateko prozesua abiatzea onartu du ostegun honetako, urriaren 27ko udalbatzarrean jakinarazi dutenez.
Aurrekontu exekuzioa
Aurreikuspenak betetzen badira, iazko urte amaieran baino exekuzio maila handiagoarekin agurtu dezake herri honek 2022a, aurrekontuen gauzatze mailari dagokionean, udal kontuhartzaileak ostegun honetako udalbatzarrean azaldutakoaren arabera.