Erlojuko orratzak mugiarazteko unea bueltan datorkigu. Larunbatetik iganderako gau horretan ordua negu garaira egokitu beharko dugu. Urriaren 30eko goizaldeko 3:00etan 2:00ak izango dira. Gau horretan ordubete "gehiago" izango dugu. Eta biharamunetik aurrera goizago ilunduko du.
Debeku eta murrizketak, baso-sute arrisku oso handiagatik
Ordu aldaketa hain zuzen uda giro beteko asteburuan helduko zaigu. Egunotan bezala alerta laranjan jarraituko dugu baso-sute arrisku oso handiagatik larunbat gauerdira arte eta abisu horian gero igande arratsaldeko 19:00ak arte, "tenperatura altuengatik eta landarediaren egoeragatik".
Larunbatean aldiz, "egunaren lehen partean hego-haizea indartsuago ibiliko da, bereziki goizean eta ekialdean. Arratsaldean, kostaldean haizeak ipar-osagaira egin dezake". Galernagatik hain zuzen, abisu horia indarrean izango da larunbatean 17:00-20:00 artean. "Haizeak bat-batean eta zakar ipar-mendebaldera egin dezake eta haizearen norabide aldaketa mendebaldetik ekialdera hedatuko litzateke kostaldean. Haize-boladek 50-70 km/h-ko abiadura gaindi dezakete. Baliteke tenperatura ordubetean 5-10 ºC inguru jaistea".
Giro honetan Usurbilen, igandean, "zerua hodeitsu egongo da eta euria egin dezake noizbehinka. Haizea aldakor ibiliko da. Tenperatura nahikoa edo nabarmen jaitsiko da".
Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus
Debeku eta murrizketak
Baso-sute arrisku oso handiagatik, gogoan izan, igandera arte indarrean segiko dutela Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak iragarritako debeku eta murrizketok:
-Sua erabiltzea edo sua eragin dezaketen jarduerak egitea, hala nola nekazaritza- eta baso-eremuetan deflagrazioak, txinpartak edo deskarga elektrikoak sor ditzaketen makinak erabiltzea.
-Su artifizialak, petardoak eta pirotekniako bestelako elementuak erabiltzea eta barbakoak egitea, hori guztia baita hiri-lurzoruan ere eta zuhaitzak eta zuhaixkak dauden lursailetatik, sastrakadietatik edo edozein eratako labore-sailetatik 300 metrora baino gutxiagora.
-Bertan behera geratuko dira uztondoak, larre iraunkorrak, inausketako adarrak eta basoko hondarrak erretzeko emandako baimen guztiak.
-Debekatuta egongo da erretzen ari diren objektuak edo sutea eragin dezakeen edozein eratako materialak botatzea edo abandonatzea.
Isunak
Ezinbestean bete beharreko debeku edo murrizketak izango dira honako hauek, Eusko Jaurlaritzatik gogorarazten dutenez. "Ez betetzea arau-hauste “larritzat” edo “oso larritzat” jo daiteke, eta ezarri ahal izango diren zigorren artean, 1.501 eurotik 30.001 eurora arteko isunak daude, Larrialdiak Kudeatzeko Legearen (apirilaren 27ko 1/2017 LD) 69, 70 eta 73 artikuluetan ezarritakoari jarraituz", Jaurlaritzatik ohartarazi dutenez.