"Ez da asko geratzen, baina ez dugu erabat amaitu presoen urrunketarekin"

Noaua Aldizkaria 2022ko urr. 29a, 11:19

Azken ostiraleko elkarretaratzea egin dute Mikel Laboa plazan Sarek deituta.

Sarek deituta azken ostiraleko elkarretaratzea egin dute bart Mikel Laboa plazan. Oraingoan hasteko, eskertza helarazteko, urriaren 8an Donostian izandako mobilizazio jendetsuaren eta Illunbeko jaialdiaren ondotik. "Bihotzez eskertu nahi dugu milaka lagunen parte-hartzea balio handiko gertakari batean, bidean jarraitzen dugula egiaztatzen baitu. Hau da, aurrera egitea, euskal gizarteak mobilizatzen jarraitzea, euskal preso, iheslari eta deportatu guztiek etxera itzultzeko prozesua egin ahal izan dezaten lortu arte. Guztion erantzukizuna delako eta, hori gabe, ezinezkoa izango delako bizikidetzan aurrera egitea herri honek duen etorkizunerantz".

Saretik iragarri dutenez, "beste 11 preso hurbilduko dituzte egunotan Euskal Herrira eta horrek poztu egiten gaitu. Urrunketarekin bukatzeko egindako mobilizazioa eta herritarren bultzadak bere fruituak ematen ditu. Ez da asko geratzen hala izan dadin", baina ohartarazi zutenez, "ez dugu erabat amaitu presoen urrunketarekin. Are gutxiago, gradu-aurrerapenen deuseztapen, baimenak jasotzeko debeku eta gainerako salbuespen-neurriekin. Era iraunkorrean, Espainiako Auzitegi Nazionalak, Fiskaltzaren bultzadaz, Tratamendu Batzordeek euskal presoen kasuan onartzen dituzten gradu-aurrerapenak edo espetxe-baimenak errekurritu eta bertan behera uzten ditu".

Ildo horretan, "haserrea baino ez digu eragiten Espainiako justiziak Xabier Atristrainen eskubideak urratzeko erabili duen zentzugabekeriak: Espainiako Auzitegi Gorenak muzin egin zion Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren epaiari, zeinak ondorioztatu zuen preso donostiarrak ez zuela epaiketa justurik izan, eta orain, Auzitegi Nazionala, baldintza guztiak betetzen zituelarik, Eusko Jaurlaritzak Atristaini emandako hirugarren gradua bertan behera utzi du".

Etxeratzeko zailtasunak
Sarek gogorarazi moduan, "euskal presoek haien ibilbide juridiko-penitentziarioaren aldeko apustuarekin jarraitzen dute", baina "Auzitegi Nazionalak tratamendu-batzordeen eta Eusko Jaurlaritzaren erabakiak geldiarazten ditu. Hori eta salbuespenezko legeria mantentzearekin batera, 7/2003 eta 7/2014 Lege Organikoak, hain zuzen ere, Europan ezagutzen ez diren espetxe zigor ikaragarriak betetzeko helburu bakarra dituztenak, eragotzi egiten du etxera itzultzeko bideari eustea".

Etxera itzultzeko bidea egin dutenak Jon Kepa Parot eta Jakes Esnal izan dira, "bizitza erdiko zigorra", 33 urteko espetxealdiaren ostean kartzelatik atera ahal izan dute, nahiz "haien askatasuna ez da erabatekoa". Sareren esanetan, "berri on hori, neurri handi batean, Ipar Euskal Herriko gizarte zibilaren, erakundeen eta herritarren mobilizazioari esker izan da, haien inplikazio eta lanarekin bien askatasuna behin betiko bideratzen lagundu baitute".