Kalejiran, kantuzaletasuna herri osora zabaltzen dihardute urte luzez Usurbilgo Euskal Kantu Taldeko kideek. Bi urteko behartutako isiltasunetik plazara gogotsu itzuli ziren iragan udaberrian, eta udako etenaldia salbu, hilero azken larunbatean herria euskal kantuez girotzen dihardute. Gaur bezala. Urriko azken larunbat honetan kantu-jira betean Kaxkoa gogotik girotu dute, trikiti eta kitarra doinuen erritmora. Ahots ezberdinetara, kantu-liburuxkako abestiei errepaso bikaina eman diete. Gozagarria beste behin herritarren ahotsak entzutea, are gehiago, bestelako ekitaldirik ez zen larunbat honetan.
Datorren hitzordua, hilabete barru, azaroaren 26an, 12:00etan Mikel Laboa plazan. Bitarte horretan, astelehenero Usurbilgo Euskal Kantu Taldekoen entsegu saioak 18:00etan Agerialdeko musika gelan.