Asier Azpiroz: “Ganbarako lanean ez nuen asmatu”

Noaua Aldizkaria 2022ko urr. 30a, 18:02

Bertsolari Txapelketa Nagusiaren bigarren finalaurrekoa jokatu zen atzokoan Donibane Garaziko Jai Alain. 1.350 bertsozale batu ziren eta tartean zubietar ugari. Oihana Iguaran gailendu zen eta Asier Azpirozek laugarren postua erdietsi zuen. Bertsoa.eus web orrialderako egin zuen balorazioa jaso dugu albiste honetan.

Bertsotarako aldarte onean iritsi zen Donibane Garaziko finalaurrekora. Saioaren amaieran ordea, Asier Azpiroz ‘Azpi’ bertsolari zubietarra ez zegoen oso pozik. “8ko handian txukun aritu naizela uste dut. 8ko txikian kosta egin zait besteari entzutea eta horrekin haserre eseri naiz. Puntuka berriz, Aritzek eta biok saio ona egin dugula uste dut. 6ko motzeko ariketa tira, gaia arinegia zen aukeran eta zerbait originala esatea kosta egin zait. Ordura arte banekien saio konpleto-konpletoa ez nuela egingo baina nire gorabeherekin gustura nengoen. Kartzelakoan aldiz, hanka barruraino sartu dut”.

Ganbarako ariketa (lehen Kartzelako gaia bezala ezaguna zen lana) esaldi honen bueltan osatu behar zuen: Azkenean probatu duzu, eta jabetu zara ez zela espero zenuena. “Bizikleta elektrikoaren gaia hautatu dut, defendatzeko zail samarra eta pisu gutxikoa zela iruditu zait, baina hala ere aurrera jo dut. Gero gelditu egin naiz gainera, eta horrek sentsazio txar samarra utzi dit, egia esan”.

Harmailetan zubietar ugari batu ziren.

 

Oihana Iguaran gailendu zen

Oholtzara igo zen seikotetik Oihana Iguaranek lortu zuen puntu gehien biltzea, 688,5. Horri esker, finalaurrekoen bigarren itzulirako txartela lortu zuen eta Amurrion kantatuko du azaroaren 19an. Amets Arzallus bigarren sailkatu zen 688 punturekin; hirugarren, Nerea Elustondo 628 punturekin; laugarren Asier Azpiroz 616,5 punturekin; bosgarren Haritz Mujika 615 punturekin; eta seigarren Aitor Etxebarriazarraga 612 punturekin.

Asier Azpirozen adierazpenak eta Donibane-Garazin kantatu zituen bertsoak web orrialde honetan topatuko dituzue: bertsoa.eus