SASKIAK SALGAI

Zuberoako ikastolak laguntza premian dira

Noaua Aldizkaria 2022ko aza. 1a, 09:02

Zuberoan kokatzen diren bi ikastolak (Alozekoa Basaburuan eta Eperra Pettarrean) laguntza premian dira. Tokiko produktuekin osatutako saskiak jarri dituzte salgai eta orain da eskaera egiteko garaia.

2003. urtean hasi ziren saskiak merkaturatzen. Gabonen atarian, eta tokian tokiko produktuez osatuak. Iaz, esate baterako, 2.200 saski saldu zituzten. “Kopuru egokia da, bai ekonomikoki gure beharreri erantzuteko bai eta mozkinen eskaintzan”, kanpaina hau burutzen dutenek aditzera eman berri dutenez.

 

Euskara, babes ofizialik gabe

Ipar Euskal Herrian euskarak ez du babes ofizialik. “Euskara hizkuntza gutxiagotua gelditzen da gure lurraldean. Euskararen etxeko transmisioa Zuberoan eteten ari den heinean, ikastolek dute euskararen transmisioa bermatzen”. Ikastolen ordezkarien esanetan, “ildo beretik eta azken hilabeteetako informazioari begirada bat emanez, Ikastolen alde ari diren militante orok badaki deus onik ez dela itxaron behar frantses estatuaren aldetik. Murgiltze eredua zalantzan jarri zuten iragan udaberrian erranez Frantziako konstituzioaren kontrakoa zela”. Beraz hobe, gaurdanik “gure esku dauden dinamikak martxan jartzea, bihar eta etorkizunean autonomia handiago batekin bizitzeko gisan. Hortan datza ere saski salmentaren funtsetako bat”.

 

Prezioak, tamainan

Aurten ere, hiru dira salgai jarri dituzten saskiak: Pettarra, Arbaila eta Basabürüa. “Prezioen aldetik bizi den inflazioak eragina izan du, eta ez ohiko zenbakiak agertzen dira”, ahal bezain zuzen jokatu nahi izan dutelako.

 

Eskaerak egiteko epea aste honetan zabaldu da

Xiberoko ikastolen saski salmentaren kanpaina azaroaren lehenean abiatu zen eta azaroaren 27an amaituko da. “Abenduaren 9an aurreikusten ditugu banaketa egunak. Saskiak hiru dira aukeran eta ikaskoli.eus webgunean erosi daitezke. Eskuratzeko guneak webgunean hautatu beharko dira”.

 

“Produkzio ttipiko ekoizleek eginak, kalitate handikoak”

Saskietako produktuak, “erran gabe doa, produkzio ttipiko ekoizleenak dira. Kalitate handiko eta bertan ekoizturiko mozkinak eskaintzen dituzte”, Zuberoako ikastoletako ordezkariek aditzera eman dutenez.

Pettarra, 51 euro: Ahate gibel berrosatua, eztia, ardi gazta kiloa, bixkotx gatzatuak eta pastak.

Arbaila, 57 euro: Eztia, bixkotx artisanalak, kilo erdiko bi gazta zati, bixkotx gazituak, erreximenta, tisanak eta pastak.

Basabürüa, 68 euro: Xerri patea, bixkotx artisanalak, ardi gazna kiloa, xahalki axoa, lukainka idorra, eta pastak.