"Aukera historikoa da gure errebindikazio premiazkoenak lortzeko"

Noaua Aldizkaria 2022ko urriaren 31

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak iragan udaberrian Potxoenean eginiko bilkura bat.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak mobilizatzera deitu gaitu azaroaren 19an Hego Euskal Herriko hiriburuetan. "Aukera historikoa da gure errebindikazio premiazkoenak lortzeko, badakigu mobilizazioa dela gure bermea eta azaroaren 19an hori frogatu behar dugu", adierazi dute. Hemen kaleratu duten adierazpena.

Pentsioen eta soldaten erosteko ahalmena berreskuratu behar da. Aberastasunaren banaketa ekitatiboa
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak pentsiodunei, langileei, gizonei eta emakumeei, gazteei, ikasleei... dei egiten digu azaroaren 19an Bilbon Plaza Eliptikoan, Donostian Alderdi Ederren eta Iruñean Baluarte Plazan 17:30ean egingo ditugun manifestazioetan aktiboki parte har dezaten, eta Gasteizen Artiumen 12:30ean, aberastasunaren bidezko banaketa eta pertsona guztiek bizi-baldintza duinak izan ditzaten eskatzeko, hain zuzen ere.

Berriro diogu eredu ekonomikoaren egungo krisiaren alternatiba ez dela gutxi batzuek gero eta aberastasun gehiago pila dezaten sustatzea, gero eta pertsona gehiagoren kontura, eta ekosistemak eta biodibertsitatea suntsitzea beren onurarako. Halaber, ezta baliabide publikoekin energiaren eta finantzen oligopolioen onurak bermatzean ere, eta aparteko irabazi horiek herritarrek ordaindu ahal izatea, prezioak igoz. 

Onartezina da langileoi, pentsiodunoi... eskubideak, soldatak, pentsioak eta zerbituzak murrizten dizkiguten bitartean, Ibex 35eko enpresek etekin-errekorrak lortzea (aurtengo lehen seihilekoan bakarrik: 48.868 m/e) edo bankuek, adibidez, 2008ko erreskateko 65.000 m/e kontu publikoetara zuzentzea, horiek ez baitituzte itzuliko, eta banku txarra izenekoak galdutako 35.000 m/e.

Konponbidea posible eta beharrezkoa bezain premiazkoa da; lanarekin sortutako aberastasuna zuzen banatzea; soldaten eta pensioen erosteko ahalmena berreskuratzea eta, gutxienez, urteko KPI metatuaren arabera birbalorizatzea; gutxieneko pentsioa ezartzea bataz besteko soldataren %60ko Lanbide arteko Gutxieneko Soldatari dagokiona; soldata eta pentsioen genero-arrakalarekin amaitzea eta zerbitzu publiko unibertsalak bermatzea eta hobetzea.

2022. urtearen amaierarako eroste-ahalmen galduaren konpentsazio-ordainsaria eskatzen dugu, 21/2021 Legea indarrean sartu zenetik gutxienez.

EAEko eta Nafarroako gobernuei eskatzen diegu beste aldera begiratzeari utz diezaiotela, eta egin beharrekoa egin dezatela pentsio publiko duin eta nahikoak bermatzeko, eta 2023ko aurrekontuetan, gutxieneko pentsioa 1080ra osatzeko neurria har dezatela.

Batzuek zatitzeko duten asmoaren aurka, ematen dizkiguten apurrak eztabaidatzen jardun dezagun eskatuz, guztiok batzen gaituena eskatzen dugu: aberastasuna zuzen banatzea eta pentsioen eta soldaten erosteko ahalmena berreskuratzea. Horregatik deitu ditugu manifestazio horiek, eta deialdia egiten ari diren erakunde sozial eta sindikal guztiekin partekatu ditugu.

Egun horretan bertan, Estatuko Herri eta Erkidego guztietan milaka pertsona gurekin batera mobilizatuko direla ospatzen dugu, parte hartzen dugun ekintza-batasunak egindako deialdia babestuz.

Aukera historikoa da gure errebindikazio premiazkoenak lortzeko, badakigu mobilizazioa dela gure bermea eta azaroaren 19an hori frogatu behar dugu.

Ez da beste manifestazio bat; borroka hau irabaziko dugula bermatzeko behar dugun manifestazio partekatua da.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua