Herri babeserako eta elkartasunerako txokoa izan du, azaroaren lehen egun honetan frontoitik Dema plazaraino luzatu den 26. Artisau Azokak. 13:00ak jota, aipatu plazan bildu dira belaunaldi ezberdinetako herritarrak, 80 urteko herrikide Maria Angeles Otegiri elkartasuna adierazteko. Hala zioen egin duten elkarretaratze jendetsuaren buru zen pankartaren leloak: "Etxekaleratzeen aurrean herri elkartasuna. Préstamos buitres no!".
Maria Angeles bere etxean gera dadin lanean diharduen herri bilguneak deitu duen hitzorduan, funts putreak salatu eta horren aurrean herri elkartasuna aldarrikatu dute. Babesa egoera bidegabea bizitzen ari den eta mobilizazioan bertan zen Maria Angelesi. Une honetan bere egoera impasse egoeran dela azaldu dute. "Etxebizitza enkantean prozesua atzeratzen edo gelditzen saiatzen ari dira". Bide horretan, "mailegu emaileari ordaintzeke dagoen diru kopurua zehazteko eskatu diote, zorra deusezteko aukera eskatuz. Hau da, zorra ordaintzea". Horretan da egoera egun.
Horregatik, aipatu herri bilgunetik datozen deialdi eta mobilizazioei adi egotea eskatu dute. "Maria Angelesek bere etxean bizitzen jarrai dezan, ahal dugun guztia egingo dugu herri mobilizaziotik. Maria Angeles bere etxean geratuko da. Etxebizitza eskubidea da, etxe kaleratzeen aurrean beti herri elkartasuna!".
Elkartasun postua
Mobilizazioarekin batera, Artisau Azoka sarreran, Aitzaga ondoan Gure Pakea jubilatu elkartearen egoitzan dagoen Artzabal jatetxeak Maria Angeles laguntzeko abian zuen zozketako errifak saltzen aritu dira, informazioa helarazten aritzeaz gain.
Hamar zenbakidun 4 euroko zozketa baleak eskuragarri izan dituzte gaur eta azken asteotan. Zozketa arratsaldeko 18:00etan egin dute. 4 pertsonentzako asteburuko menua eta sagardo eta ardo lote eder bat. Hemen zenbaki sarituak: 3.444 eta 4.021. Bildutako laguntza osoa etxegabetze arriskuan den Maria Angelesen herrikidearentzat izango da.
ADIERAZPENA
Gaur hemen elkartu gara Maria Angelesi elkartasuna adierazteko. Gipuzkoako Kaleratzeak Stop plataformak berriki egindako agerraldiaren bidez jakin genuen, Maria Angeles Otegi 80 urteko herrikideak bizi zuen egoera bidegabea. Kaleratzeak Stop-eko abokatuak esan bezala, etxebizitza enkantean prozesua atzeratzen edo gelditzen saiatzen ari dira.
Mailegu emaileari ordaintzeke dagoen diru kopurua zehazteko eskatu diote, zorra deusezteko aukera eskatuz. Hau da, zorra ordaintzea. Ez dakigu zenbat luzatuko den prozesu judiziala, eta impasse egoeran gaude epailearen erabakiaren zain. Herritar asko bezalaxe, gu ere kezkatuta gaude egoera bidegabe honekin eta taldetxo bat biltzen hasiak gara elkartasuna antolatzeko.
Egon adi aurrerantzean egingo ditugun deialdi eta mobilizazioei. Maria Angelesek bere etxean bizitzen jarrai dezan, ahal dugun guztia egingo dugu herri mobilizaziotik. Maria Angeles bere etxean geratuko da. Etxebizitza eskubidea da, etxe kaleratzeen aurrean beti herri elkartasuna!