Artisauen bilgune handitua aurten

Noaua Aldizkaria 2022ko azaroaren 1a

Frontoitik Dema plazaraino luzatu da, Aitzaga Elkarteak antolatu eta hamarnaka artisau bildu dituen azoka.

Bitxiak, ogiak eta gozogintza, arropa, jolasak, egur lanak... Eta hala hamarnaka ogibide plazaratu ditu azaroaren lehen egun honetan ospatu den 26. Artisau Azokak. Frontoia soilik ez, azoka handitu du aurtengoan Aitzaga Elkarteak. Eremu berria bereganatu du; Dema plaza. Giro eguzkitsuak lagunduta, artisauen bilgunea zabaltzeko eginiko apustuarekin bete-betean asmatu dutela esan daiteke.

Eguerdi parterako, ingurua jendez betea zen. Guztiak postuetan barrena osteratxoa egiten, erosketetan, baina batez ere kasu batzuetan artisauak nola lan egiten ari ziren begira. Edota ikusgai jarri duten produktu eskaintza zabala hurbiletik ezagutzen, galdezka. Artisauak eta artisau zaletuak hartueman betean ikusi ditugu azokan zehar. Azokaren erdigunean, artisautza bera.

Herrikideak
Eskuak izan dira azokako protagonistak. Eskuz eginiko sortze lanak ikusgai jarri dituzte ekimenean parte hartu dutenek. Eskuekin erakutsi dituzte produktuok eta eskuak izan dira, produktuak elkarbanatu eta salerosketarako lanabes nagusia gaurkoan.

Eta eskuak baliatu dituzte aipatu moduan, unean bertan hainbat artisau sortze lan ekoizteko. Jakiak tartean; herrikideek sukaldatuak. Hainbat usurbildarren postu bisitatzeko aukera izan baitute frontoira nahiz Dema plazara joandakoek. Usurbilgo talogileak eta gaztaingileak gogotsu ikusi ditugu, bertaraturikoen gosea asetzen. Udarregi Ikastolako ikasleak postre gozoak saltzen.

Hainbat herrikide ere bai, artisau lan ezberdinen bueltan; besteak beste, adarren postuan Jurgi Fuentes, Zorione Mendez bere arropa diseinuekin edota Inma Arroyo bere birziklatutako objektuekin eginiko artelanekin.