Euskaraldia

Datorren Euskaraldirako prestatzen

Noaua Aldizkaria 2022ko aza. 1a, 13:54

Ahobizi eta Belarriprest guztientzako izen-ematea zabalik den honetan, Usurbilgo Euskaraldiko Batzordeak postua jarri du gaurko Artisau Azokan.

Bidean dator, euskara ahotan hartzeko ariketa kolektiboaren hirugarren edizioa. Bueltan dator Euskaraldia Euskal Herria, baita Usurbilera ere. Herritarren batzordea lanean da azken aldian eta azken asteotan, kalean, herritarren izen-ematea bideratzen. Norbanakoentzat, Ahobizi eta Belarriprest guztientzat inskripzio epea zabalik baita. Iragan asteburuan bezala, Artisau Azoka egun honetan ere mahaia jarri dute plaza ondoan. Datozen asteotan gehiagotan ikusiko dituzue, izen-ematea bideratzen eta Ahobizi eta Belarriprest txapak banatzen.

Entitateek ere eskuhartzeko aukera izango dute, ariguneen bidez. Haientzat urriaren 31 honetan itxi da izen-emate epea. Ahobizi eta Belarriprest guztiontzat, asteotan Usurbilgo Euskaraldia Batzordearen postuan edota online eman ahalko da izena izenematea.euskaraldia.eus helbidean.

Belarriprest
Horrela definitzen dute Euskaraldiko arduradunek Belarriprest izan daitekeen norbaiten rola: “Aldiro erabakitzen dut euskaraz noiz eta norekin egin. Agian, beti ez dut euskaraz egingo ulertzen duten guztiekin, baina euskara dakitenek niri euskaraz hitz egitea nahi dut, eta horixe eskatzen diet modu esplizituan”. Belarriprest izateak ez du zerikusirik euskaraz hitz egiteko gaitasunarekin, jokaera kontua da. Dakienari euskaraz hitz egiteko gonbidapena luzatu nahi dietenentzat da egokiena belarriprest rola.

Horra adibide batzuk modu praktikoan belarripresten rola ulertzeko. Marenen kasua da honakoa: Marenek urte asko daramatza Usurbilen bizitzen, baina euskara ondo dakien arren ez du askotan hitz egiten. Maren belarriprest izango da eta gustura eramango du txapa paparrean, berari euskaraz egitea nahi baitu hala egin nahi dutenak babesteko. Bere ekarpena horraino emateko prest eta gogoz dago. Kontuan izatekoa da Maiteren kasua ere belarriprest aukeratu edo ez dauden horientzat: Maitek badaki euskaraz, baina laneko zenbait bezerorekin ez da eroso sentitzen elkarrizketa elebidunak mantentzen. Beraz, belarriprest izango da, eta nahiz eta batzuetan erdaraz egin, saiatuko da ahal bezain beste euskaraz egiten.

Azkenik, Etumeta euskaltegikoa izan daitekeen Eneritzen kasua: Eneritz euskara ikasten ari da; ulertu, ulertzen du, baina ez da hitz egiteko gai sentitzen. Belarriprest izango da eguneko ordu eta leku guztietan, eta eroso sentitzen denetan euskaraz erantzuten saiatuko da.

Ahobizi
Horrela definitzen dute Euskaraldiko arduradunek ahobizi izan daitekeen norbaiten rola: “Euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egiten dut uneoro. Kideek euskaraz ulertzen oten duten ez dakidanean lehen hitzak, beti, euskaraz egiten ditut; euskaraz ulertzen badute, euskaraz jarraitzen dut. Batzuetan zaila izan arren, elkarrizketa elebidunetan ere euskarari eusten diot kideek ulertzen dutenean”. Orain arte euskaraz izandako elkarrizketek euskarazkoak izaten jarraituko dute; baina, orain arte erdaraz izandako elkarrizketa batzuk euskaraz edo elebidunez izatea ere lortuko du. Jarrera aktiboa izango du, beraz. Harreman sarean dituen hizkuntza praktikak aztertu eta euskarara aldatzeko aukera duen horietan eragingo du. Hizkuntza aldaketarako aukeratutako harreman horietan ezezik, bizitzako esparru guztietan euskaraz arituko da, ahal den guztietan, ahal duen guztiekin. Bi aldeek euskaraz ulertzen badute, ez dago euskaraz ez egiteko arrazoirik. Ahobizi eta belarriprest ugari izango baititu inguruan. Ahobizi izateak ez du euskaraz hitz egiteko gaitasunarekin zerikusirik, jokaerarekin baizik. Ahal duen guztietan euskara erabiltzeko prest dagoenarentzat da rolik egokiena Ahobizi. Ahobizi izateak ez du euskaraz hitz egiteko gaitasunarekin zerikusirik, jokaerarekin baizik. Ahal duen guztietan euskara erabiltzeko prest dagoenarentzat da rolik egokiena Ahobizi.


3. EUSKARALDIA USURBILEN: DATOZEN DEIALDIAK
Azaroak 6, igandea
19:00 "Goiko gela" gospel taldearen emanaldia Sutegiko auditorioan.
Zuzendaria eta pianoa: Iñaki Miguel.
Abeslariak: Karlos Etxaniz, Jon Imanol Etxabe, Olatz Otxoa eta Santi Romano.
Zehaztasunak: "Gospelaren kantu klasiko ezagunenak moldatu eta euskaraz kantatuko dituzte. Haur, gazte zein helduentzako moduko ikuskizun bizi eta alaia dugu. Hizkuntz ohiturak kantuan ere aldatzeko aukera aproposa!".

Azaroak 18, ostirala
Euskaraldiaren hasiera. “Ahobizi eta Belarriprestak, nork bere roletik aritzeko unea!”.

Azaroak 20, igandea
Euskaraldia plazara. Zumarte Musika Eskolako eta Orbeldi Dantza Eskolako kideen emanaldia.

Abenduak 3, larunbata
Euskaraldiko gala. “Amaiera dotorea emango diogu aurtengo edizioari Aginagako Eliza Zaharrean. Hainbat artistarekin gaupasa ederra egiteko parada”.

Antolatzaileak: Euskaraldiko Batzordea eta Usurbilgo Udala.