Bete-betea dator azaroko kultur agenda

Noaua Aldizkaria 2022ko azaroaren 2a

Artisau Azokarekin abiarazitako urteko azkenaurreko hilabetea ekintzez josia dator. Hitzordurik gabeko egun gutxi izango ditu azaroak Usurbilen.

Ekintzez josia dator azaroa. Ikusi besterik ez da, Usurbilgo Udalak egunotan etxez etxe banatu duen kultur agendaren tamaina. Eskaintza ezin zabalagoarekin datorkigu 2022. urteko azkenaurreko hilabetea. Ezagunak ditugun hitzorduekin batetik. Hasteko Mundualdia larunbat honetan bertan. Jatorri ezberdinetako herritarren topagunea izango den jaialdiak ohiko formatua berreskuratuko du bi urteko osasun krisialdiaren ostean. Jakiak, musika eta herrian sortu den Aniztasun Kontseilua aurkeztuko dute. Mundualdiaren testuinguruaren bueltan, LH 6. mailakoentzako Oinherriren tertulia filosofikoa, harrera protokoloen inguruko hitzaldia eta atzerritartasunari buruzko informazio saioa ere iragarri dituzte.

Mundualdiarekin batera, beste klasiko bat; NOAUA! K.E.-ren Kulturaldia. Euskarazko sorkuntzan nobedade diren lau hitzordurekin; "Black is Beltza 2: Ainhoa" Donostiako Zinemaldian estreinaturiko filma, Bea Egizabalen "Magma Mia" bakarrizketa saioa, "Zeozertan dabil baina ez dakit zertan" Metrokoadroka kolektiboaren antzezlana eta zikloari hasiera emango dion "Frankenstein agurgarria" errezitaldi mutantea saioa ekarriko digute Pettik eta Ana Galarragak. 

Abian den beste ziklo bat; "Udazkena Liburutegian", gauden hilabetean egonik orain "Azaroa Liburutegian" izenekoa. Maite Franko ipuin kontalaria gonbidatuko dute. Solasaldi bana programatu du udal liburutegiak Garbiñe Larrearekin bere "Sendabelarrek dakitena" liburuaren inguruan eta euskarazko irakurketa topaketa Idoia Garzes idazlearekin, bere "Mendiko gaitza" liburua ahotan hartzeko.

Nafartarrak taldeak ere urteroko zikloa iragarri du; aurtengoa "Amaiur: Nafarroaren independentziaren defentsa" izenburupean, hitzaldi eta mahai-inguruekin, azaroaren 5ean Sutegin.

Ate joka dugu baita 3. Euskaraldia. Belarriprest eta Ahobizi guztientzat izen-ematea zabalik den honetan, gogoan izan: azaroaren 18an hasi eta abenduaren 2ra luzatuko da euskara ahotan hartzeko ariketa kolektibo erraldoia. Ekimen honen harira, girotzen hasteko usurbildar bat kide duen (Jon Imanol Etxabe) "Goiko gela" izeneko gospel taldearen emanaldia antolatu du Euskaraldia Batzordeak eta Usurbilgo Udalak igande honetarako, azaroaren 6rako.

Kalakan, Aginagan
Auzo-herrietara jota, eskaintza zabala aurkituko dugu baita. Aginagan larunbat honetan, Kalakan taldea kontzertuan Eliza Zaharrean. Txokoaldeko Txokoargi auzo elkartearen egoitzan, Ixabel Agirresaroberen ipuin-kontaketa saioa azaroaren 12an. Santuenean hamaika ekintza; pottokak eta kanpo jolasak azaroaren 6an, ibilaldia eta haurrentzako film proiekzioa eta hainbat ikastaro; xakea, kosmetika naturala eta gabonetako gozogintzaren bueltan. 

Ikastaroei segida emanez, KzGuneko eskaintzarekin batera, Alkartasuna Kooperatibaren Sagarrondotik Sagardora zikloaren baitan, "Etorkizuneko sagargintza eta sagardogintza ekologikoa" ikastaroa azaroaren 4an. 

HAPO-aren aurkezpen saioak
Udalerriaren etorkizunaz aritzeko ere hainbat hitzordu. Batetik, urriaren 13ko ezohiko osoko bilkuran hasieraz onarturiko Hiri Antolamendurako Plan Orokorra jendaurrean aurkeztu eta erakusteko saio bana antolatu dute Kaleberrin, Aginagan eta Zubietan. Beste plan baten aurkezpena ere iragarri dute; "Aktibatzen. Jarduera fisikoa eta kirola, denon eskura" aldarripean bideratu zen partehartze prozesutik jaiotako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Plan Estrategikoaren aurkezpena hilaren 16an.

Zaintza Azoka eta hitzaldiak
Zaintza gaiekin segita, Usurbilen eraikitzen ari diren zaintza ekosistema eredu propioaren lanketa bidean, batetik azoka antolatu dute azaroaren 19an, harrera hitzaldia, bizipen tailer eta Txirikorda nahiz Kalezarko zaintzadun etxebizitzetara antolatu dituzten bisita gidatuekin. Hitzaldi zikloa ere iragarri dute; lehen saioa, azaroaren 17rako; "Zaintza lanen demokratizaziorantz: etxeko langilean borrokan" izenekoa. 

Beste hitzaldi bat lehenago, Hitz Aho Udarregi Ikastolako guraso elkartearen eskutik; "haur eta nerabeen transexualitatea" izenekoa azaroaren 8an Sutegin, NAIZEN adingabe transexualen familien elkarteak bideraturikoa.

Hilabetea agurtzeko, Santa Zezilieren omeneko "Musikalean" ospakizuna Zumartekoen eskutik, hilaren 24an. Hileroko deialdiak, azaroan ere bai noski azken aste horretako ostegun, ostiral eta larunbatean; ohiko udalbatzarra azaroaren 24an, Sareren mobilizazioa biharamunean eta kantu-jira hilaren 26an.

Hitzordu gehiago
Ekintza hauei guztiei, ezagutzera emateke duten Gazte Egunaren ekimenak batu behar. Azaroaren 26an ospatzekoak dira. Eta asteburu horretan bertan, GuraSOS ere mobilizazio jendetsua deitzekoa da.

Egunez egunekoa web orrialde honetako "Agenda" atalean duzue ikusgai.