Bizitzeko beharrezkoa dugun odola emateko bi hileroko deialdia ate joka dugu. Odol-ematea antolatu dute datorren azaroaren 7rako, herrian zeregin honetan urteak daramatzan taldeak. Orain arte bezala, 2020ko osasun krisialdian murgildu ginenetik egin duten moduan, Udarregi Ikastolan izango da, 16:30-20:30 artean. Gogoan izan, aurrez odola eman dutenei hitzordua finkatuko zaie. Lehen aldiz odola ematen dutenek dei dezatela 943 007 884 telefono zenbakira.
Plasma ere emateko deia
Odolarekin batera, plasma emateko eskatzen hasiak dira. "Odolaren bolumen osoaren %55 da" eta bertan "odol-zelulak aurki ditzakegu: globulu gorriak, zuriak eta plaketak", azaldu dute Euskadiko Odol Emaileak bilgunetik. Herritarrengandik jasotako plasmarekin, "botikak lortzea da" garrantzitsuena; "kasu hauetan ez dago alternatibarik, lehengai hau, hau da, odol-emaileetatik lortutako plasma ezinbestekoa baita".
Plasma emateari "plasmaferesia" deitzen diote. "Odola erauzten da, banatzaile zelular baten bidez odol-zelulak banatzen dira, plasma gordetzen da eta gainerakoa bide beretik emaileari itzultzen zaio". Plasma emateko saioak "40-50 minutu iraungo du. Plasma gehienbat ura denez, emailearen suspertzea oso azkarra da, hori dela eta sarriago eman dezake". Hilero hain zuzen. Hori bai, "plasma emanez gero, gutxienez, 15 egun itxaron behar duzu berriro odola eman ahal izateko. Baina, odola eman baduzu, hilabete bat itxaron beharko duzu".
ODOL-EMATEA
Eguna: azaroak 7, astelehena.
Ordutegia: 16:30-20:10.
Tokia: Udarregi Ikastola.
Zehaztasunak: odola emateko bete beharreko baldintzak:
-Aurrez odola eman dutenei hitzordua finkatuko zaie. Lehen aldiz odola ematen dutenek dei dezatela 943 007 884 telefono zenbakira.
-18-65 urte artean izatea.
-50 kilotik gora pisatzea.
-12 urte baino lehenago hepatitisa izan, kolesterol maila altua izan, baraurik egon ez edota ohiko botikaren bat hartzen baduzu ere, odola eman dezakezu.
-Emakumezkoek urtean gehienez hiru aldiz eman dezakete odola, gizonezkoek gehienez lautan. Odol emate baten eta hurrengoaren artean, gutxienez bi hilabeteko tartea igarotzen utzi beharra dago.
Informazio gehiagorako: donantesdesangre.eus
Deitzailea: Usurbilgo Odol Emaileen Elkartea.