Entitate moduan Euskaraldian izena ematea eta izena emateko prozesua abiatzea; kanpo zein barne ariguneak izan daitezkeen guneak eta taldeak identifikatzea; eta talde horietako kideei ariketan parte hartzeko proposamena egitea. Hortxe Usurbilgo Udalak hartu duen konpromiso hirukoitza ate joka dugun 3. Euskaraldira begira.
"Usurbilgo Udalak hasieratik babestu du ekimena, eta, beste behin, interesgarri irizten dio parte-hartzea berresteari", dio gai honen harira, iragan asteko osoko bilkuran udalbatzak aho batez onarturiko adierazpenak. Bigarrenez parte hartuko du Euskaraldian. "2020an 6.000 entitatek hartu zuten parte Euskaraldian. Haien artean zen Usurbilgo Udala. Konpromisoa berrestea da gure nahia, Udalak eguneroko jardun eta jomuga duen hizkuntzaren normalkuntza lortzeko bidean eragin biderkatzailea izan dezakeen ekintza dela iritzita".
Euskara gehiagotan ahotan hartzeko urratsak emateko asmoa agertu du Udalak. "Zerbitzu eta lan hizkuntza euskara izanagatik, Udalak entitate gisa parte hartzeko barne zein kanpo argiuneak sortuko ditu. Barne ariguneak dinamika eta kide egonkorrak dituzten atalak dira. Kanpo ariguneak berriz, jendaurrekoak. Denetan emango dira euskararen erabilera areagotzeko urratsak".
Azaroaren 18an hasi eta abenduaren 2ra arte luzatuko den ariketa kolektiboa izango da 3. Euskaraldia, "hitzez egiteko garaia" aldarripean egingo dena. Usurbilen Udalak eta herri mailako Euskaraldia Batzordea izen-ematea bideratzeko mahaia kaleratzen ari da azken asteotan. Hainbat ekimen ere prestatzen ari dira asteotarako. Lehenengoa igande honetarako; gospel kontzertua.
3. EUSKARALDIA USURBILEN: DATOZEN DEIALDIAK
Azaroak 6, igandea
19:00 "Goiko gela" gospel taldearen emanaldia Sutegiko auditorioan.
Zuzendaria eta pianoa: Iñaki Miguel.
Abeslariak: Karlos Etxaniz, Jon Imanol Etxabe, Olatz Otxoa eta Santi Romano.
Zehaztasunak: "Gospelaren kantu klasiko ezagunenak moldatu eta euskaraz kantatuko dituzte. Haur, gazte zein helduentzako moduko ikuskizun bizi eta alaia dugu. Hizkuntz ohiturak kantuan ere aldatzeko aukera aproposa!".
Azaroak 18, ostirala
Euskaraldiaren hasiera. “Ahobizi eta Belarriprestak, nork bere roletik aritzeko unea!”.
Azaroak 20, igandea
Euskaraldia plazara. Zumarte Musika Eskolako eta Orbeldi Dantza Eskolako kideen emanaldia.
Abenduak 3, larunbata
Euskaraldiko gala. “Amaiera dotorea emango diogu aurtengo edizioari Aginagako Eliza Zaharrean. Hainbat artistarekin gaupasa ederra egiteko parada”.
Antolatzaileak: Euskaraldiko Batzordea eta Usurbilgo Udala.