49 onuradun, euskarako udal dirulaguntza deialdian

Noaua Aldizkaria 2022ko aza. 3a, 10:00

Usurbilgo Udalak plazaraturiko deialdiaren baitan, uda hasieran herrikideek aurkezturiko eskabideen behin betiko ebazpena kaleratu du.

Aurreko ikasturtean, 2021-22 ikasturtean euskara aritu zirenentzako dirulaguntzen ebazpena kaleratu du Usurbilgo Udalak, ostegun honetako, azaroaren 3ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Guztira 49 herrikide izan dira onuradunak, 50 eskaera babestu ditu diruz Udalak. Guztira, 21.136,14 euro banatuko ditu.

Udalak berak berri eman duenez, behin betikoa da ebazpena. "Tokiko Gobernu Batzarrak 2022ko urriaren 25ean egindako bilkuran, 2021-2022 ikasturtean euskara ikastaroren bat egin dutenentzako dirulaguntzen zenbatekoak behin betiko onartu zituen". Hasieraz onarturikoa urriaren 3ko GAO-n argitaratu zuen Udalak. Biharamunean, hilaren 4an alegazioak aurkezteko epea zabaldu duten urriaren 18ra arte. "Epe horretan ez du inork alegaziorik aurkeztu", ohartarazi du Udalak. Hortik behin-behineko ebazpena argitaratu zutenetik hilabetea igaro den honetan plazaraturiko behin-betiko izaera duen erabakia.

600 eurora arte
Gogoan izan, "ikasturtean zehar helduentzako euskalduntze eta alfabetatze ikastaroak egin dituzten usurbildarrei dirulaguntzak" ematea du xede Udalaren deialdi honek. Eskabideak egiteko epea ekaina amaieran zabaldu ohi dute bi astez. Laguntzok Usurbilen erroldaturiko 16 urtetik gorako herrikideek jaso ditzakete. Horretarako, ezinbestekoa izaten da ikastaro osoan gutxienez %80ko asistentzia izatea (autoikaskuntzaren kasuan aprobetxamendua ziurtatzea) eta gutxieneko aprobetxamendua gainditzea, euskaltegiak egindako ziurtagiriaren bidez egiaztatu beharrekoa.

Udalak diruz laguntzen dituen ikastaroak HABEk homologaturikoak eta ez homologatuak izaten dira. Matrikula kostuaren %100a (600 euroko muga) laguntzen du diruz, "baldintzak betetzen dituztenen kasuan" noski. Euskarakoekin batera, aisialdiko ikastaroak egin dituztenek ere eskabideak aurkezteko aukera izaten dute urte garai berean. 

2022ko emakida administratiboari dagokion tasaren erroldaren hasierako onespena
Errolda hau hilabetez jarriko du Udalak jendaurrean, bihartik, azaroaren 4tik zenbatzen hasita, ostegun honetako, azaroaren 3ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez berri eman duenez.