Mundualdia

Kulturartekotasunaz tertulia filosofikoa, Mundualdiaren bezpera honetan

Noaua Aldizkaria 2022ko aza. 4a, 09:59

Oinherri taldeak LH 6. mailakoentzat zuzenduriko saioa Potxoenean gaur, jatorri ezberdinetako herrikideen topagunea izango den biharko Mundualdiaren aurretik.

Hausnarketarako tartea larunbateko Mundualdiaren bezpera honetan. Kulturartekotasunaz filosofatzeko aukera izango du Oinherri Usurbil taldeak LH 6. mailako ikasleentzat gaurko Potxoenean antolatu duen saioan.

Aurreko maiatzean antolatu zuen estreinakoz halako hitzordu bat, geratu, lasaitu eta patxadaz pentsatu eta gogoetatzeari denbora eta espazioa eskaini asmoz. Gogora ekarri ditzagun Oinherriren helburuak zeintzuk diren: jolasa eta sormena ikasteko eta garatzeko berariazko tresnatzat dituen haurren kultura aitortzea; horretan oinarrituta, haurrei benetan parte hartu eta erabakitzeko ahalmena ematea; komunitate-sarea eta auzolana indartzea; edota pertsonen arteko harreman osasuntsu, justu eta asegarriak jostea. Helburuon baitan iaz “galeren inguruko lanketa bat” bideratu zuten eta aurten filosofatzea xede izango zuen saio bat ere antolatu dute. Ez filosofiaz teorizatzeko, gai baten bueltan hausnartzeko baizik. “Pentsatu, ikuspegi kritikoa partekatu eta garatzeko espazio bat” eskaini nahi du Usurbilgo OinHerrik hitzorduan parte hartu nahi duen ororentzat.

Saiook pizgarri moduko gai bat izaten dute abiapuntu; gaurkoan larunbateko Mundualdiari estuki lotua egongo den kulturartekotasunaren gaia.

Horretarako espresuki prestaturiko materiala bidelagun, “gidariak gaian sakontzen laguntzen du; zergatik pentsatzen duzun hori, ia gehiago zehaztu dezakezun”. Modu horretan, “norberak bere ikuspegia zalantzan jarri, bestearena ulertu, bestearenarekin kontrastatu dezake”.  

Saiootan parte eta hitza hartzeko aintzakotzat hartu beharreko bi kontu; ondokoa ez epaitzea eta argi izatea, “ez dugula adostasunera iritsi behar”. Norberak hitza modu askean hartu, pentsamendua partekatu, eta elkar entzuteko eremu librea izango da. “Enpatia, besteen ikuspegia ulertzea, ikuspegi kritikoa garatzea edota taldean hausnartzeko gaitasuna lantzea”.

MUNDUALDIA
Azaroak 4, ostirala
18:00 
Tertulia filosofikoa Potxoenean, LH6ko ikasleei zuzendua, Oinherri herri hezitzailearen eskutik. Gaia: kulturartekotasuna.

Azaroak 5, larunbata
11:30-13:00 
Munduko jolasak Zirimararekin herriko frontoi inguruan. 

18:00 Herriko frontoian:
-Aurkezpena. Alkatearen agurra eta Aniztasun Kontseiluaren aurkezpena. 
-Jakien dastaketa. 
-Musika emanaldiak: Saul eta Alvaro herrikide nikaraguarrak, eta Kawadeni taldea, Afrikako perkusio doinuekin. 

Azaroak 10, osteguna
18:00 Mario Zapataren hitzaldia Potxoenean, harrera protokoloen inguruan.