Jatorri ezberdinetako usurbildarren eta haien sorterrien arteko ezagutza sustatzen duen Mundualdia ospatuko dugu azaroaren 5ean. Ohiko formatuan. Besteak beste, Usurbilen osatu duten Aniztasun Kontseilua aurkezteko ere baliatuko dute eguna. "Talde indarberritu batekin gatoz. Garrantzitsua da nabarmentzea ere, kontseilu honetan herriko eragileak eta herritarrok gaudela elkarlanean udalarekin bat", aipatu zuen Aintzane Iribarrek egunotan Mundualdia aurkezteko Askatasuna plazan antolakuntzak eginiko agerraldiaren baitan.
Kontseiluak irekiak ditu ateak eta kide izatera animatzen du Iribarrek; "edonork parte har dezake, Usurbilen bizitzea aski da". Mundualdian egin ohi dutenari, urtean zehar jarraipena emateko asmotan dira Aniztasun Kontseiluan. Helburua, "usurbildar ezberdinen arteko ezagutza eta harremanak sustatzea da. Horien ondorioz, komunitate eta identitate arteko zubiak eraikitzea, kanal eraginkorrak sortzea eta elkarrekin espazio berriak eraikitzea".
Harrera herri izateko lanean
Usurbilgo Udaletik jakinarazi duten moduan, "legealdi honetan lanketa betean gaude jatorri desberdinetako herritarren arteko harremana eta elkarbizitza sustatzeko helburuz". Mundualdia zabalagoa den "Usurbilgo jatorri aniztasuna eta elkarbizitza lantzen" izeneko lan-ildo baten baitan kokatua dago. Hainbat proiektu eratorri dira bertatik; hamarkada hauetako migrazio olatuei lotuta, prozesu migratorio hauek ezagutu eta usurbildarrek eraikitako diskurtsoak ezagutzeko duela bi urte eginiko azterketa soziologikoa eta azterketa honen bueltan iaz ekoitzi eta usurbildarrei herrikideak ezagutzea ahalbidetu zien "Migrazioari maskarak erauzten" dokumentala.
Gerora, "jatorri aniztasuna eta bizikidetza uztartuko dituen plan estrategikoari ekin genion". Alkatearen esanetan, "helburu asko jasotzen ditu eta helburuok lortzeko lan-ildo ezberdinak eta ekimen ugari zehaztu ere. Ekimen horietako bat da Aniztasun Kontseilua sortzea", udal ordezkari eta herritarrez osaturikoa, planaren garapen eta jarraipen lanak egitea xede izango duena. "Une honetan bi zereginetan gabiltza. Batetik, ezinbestekoa deritzogu egun egiten dugun harrera errebisatzea eta berritzea, Usurbil benetan harrera herri izango bada". Udal barrura eta kanpora begirako lanketan ari dira, azaroaren 3an Potxoenean informazio saioa eskainiko duen Biltzen erakundearen aholkularitza eta laguntzarekin.
Nortasun propioa
Usurbil kohesionatuaren bidean, "kolektibitate berri bat" eraikitzeko beharra nabarmentzen du alkateak, "bere nortasuna, identitatea, hizkuntza bermatzen jakingo duena eta era berean harrera egin eta hemen bizitzea erabakitzen duten pertsona guztien ekarpenak eskertuko dituena, bere jatorria edozein izanda ere. Soilik modu honetan izango gara solidarioagoak, aktiboagoak, eta inklusiboagoak".
Elkarbizitza espazio soil bat partekatzetik haratagokoa dela ulertzen dute, "elkarrekiko errespetua, enpatia baina batez ere herrrikide izatea da. Horretarako ezinbestekoak dira, ezagutzan eta elkarrekiko aitorpenean oinarritutako ekimenak. Aniztasuna balio positibo gisa eta edozein arrazakeria eta diskriminazio moduren aurkako errefusa sozial eta politiko guztia sustatuko duen herri ikuspegia sustatzea, bai eta pertsona guztien aukera berdintasuna bermatuko duen udal jarduera sustatzea ere".
Horretara dator azaroaren 5eko Mundualdia eta osatu berri duten Aniztasun Kontseilua.
Mundualdia
Azaroak 5, larunbata
11:30-13:00 Munduko jolasak Zirimararekin herriko frontoi inguruan. FAmilia plana, munduko beste herrialdeetako jolasak ezagutzeko. Kulturarekotasunean sakontzeko. gure etorkizuna haurrengan dago.
18:00 Herriko frontoian:
-Aurkezpena. Alkatearen agurra eta Aniztasun Kontseiluaren aurkezpena.
-Jakien dastaketa.
-Musika emanaldiak: Saul eta Alvaro herrikide nikaraguarrak, eta Kawadeni taldea, Afrikako perkusio doinuekin.
Azaroak 10, osteguna
18:00 Mario Zapataren hitzaldia Potxoenean, harrera protokoloen inguruan.