Mundualdia

“Hemen jaioak izan bagina bezala sentiarazten gaitu Mundualdiak”

Noaua Aldizkaria 2022ko azaroaren 5a

Alvaro Terán eta Saúl Narváez Usurbilen bizi diren nikaraguarrek emanaldia eskainiko dute larunbat honetako Mundualdian. Pozik eta gogotsu dira, sorterria bizileku duten herriko plazan erakusteko.

Noiztik bizi zarete Usurbilen?
Alvaro Terán:
3 urte daramat Usurbilen bizitzen. Nikaragua iparraldean jaiotakoa naiz, Saúl hiriburuan.
Saúl Narváez: Duela 8 urtetik bizi naiz familiarekin Usurbilen. Herrian lationamerikarren artean gehienak, 60 inguru edo Nikaraguakoak gara. Alvaro hemen ezagutu nuen. Lagun onak egin gara.

Sorterria partekatzeak ematen duen lotura berezia izango da zuen artean?
S.N.:
Alvaro ezagutzean izan dudan ezustekoa da musikaria dela, nire amets frustratuetako bat. Beti izan dut gogoko abestea eta instrumenturen bat jotzea, baina ezin izan dut. Txikitatik lan egin behar izan dut. Alvaro ezagututa, Mundualdirako biok abestu eta Nikaraguako arte musikala ordezkatzea proposatu nion.
A.T.: Betidanik izan naiz musikaria, beti landu izan dut nire herrialdean, hemen ez hainbeste. Kitarra elektrikoa jotzen dut abesteaz gain. Nire herrialdea, taldean jo izan dut, hemen Nikaraguako lagun bat badut eta harekin noizbehinka abesten dut.

Zer eskainiko diguzue Mundualdian?
S.N.:
Herrikideekin ikertu dudanaren arabera jabetu naiz badirela bi abesti ia himnoak direnak hemen; “Nicaragua nicaraguita “ eta “El Cristo de Palacaguina”. Denbora gutxi izan dugu prestatzeko. Bizpahiru kanta abestera mugatzekoak ginen. Baina gehiago eskainiko ditugu. Pozik eta hunkituak gara, eta dena ondo ateratzea espero dugu.

Mundualdia bezalako ekimenak antolatzea zer iruditzen zaizue?
S.N.:
Maila pertsonalean emozio handia ematen dit eta ilusioa, Usurbilgo parte naizela sentiarazten nau. Emozioa, ilusioa pizten dit, herriak gehiago ezagutu gaitzan, ez soilik kalean topo egitean, denda edo taberna batean. Nolakoak garen jakitea nahi nuke. Orokorrean iritzi positiboa izan dezatela gutaz.
A.T.: Ezagutzera ematea bai. Musikaren talentua dudanez, nahiko nuke hori ezagutarazi, hemen ez baitut praktikatu.

Nola sentitzen zarete herrian? Zer nolako harrera izan duzuela sentitu duzue?
S.N.:
Orohar ondo sentitzen naiz. Mundualdia bezalako ekintzak ugaritzea ondo legoke halere, edo euskal kulturari lotutako ekintzetan gehiagotan gu inplikaraztea eta Usurbilgo herrira batuagoak sentitzea.
A.T.: Hemen daramadan denboran oso ondo sentitu naiz, oso ospitalarioa da herria.

Herrian sare soziala eraikitzea erraza suertatu zaizue?
A.T.:
Norbait hona datorrenean beti bere sorterrikoekin harremantzen da.
S.N.: Nolakoak garen zerikusi handia du. Lotsatiak bagara zaila izango da. Nire kasuan, kanporakoi samarra naiz, txantxa zalea. Hona etortzean lagungarria izan zen baita aitaginarreba euskalduna izatea, hemen jaiotakoa. Bere bidez bere adinekoekin harremantzen hasi nintzen, denak oso jatorrak. Alvaro ere nire lagunak ezagutzen joan da.


Lehen kontaktu horiek egitea garrantzitsua da ezta?
S.N.:
Gu saiatzen gara hona datozen gure sorterriko jendea integratzen, baita beste herrialdeetakoak ere.

Hortik baita, Mundualdia bezalako ekimenen garrantzia.
A.T.:
Horregatik da garrantzitsua halako ekimenak maizago antolatzea.
S.N.: Ahal den neurrian, Usurbilgo tradizioen parte ere izatea gu, inplikatuak egotea, herriko ekintzetan laguntzea, horrek are gehiago batuko gaitu.

Egiguzue Mundualdirako gonbita.
S.N.:
Inoiz Mundualdian parte hartu ez duenik bada, saia daitezela parte hartzen. Seguru naiz, urtero errepikatuko dutela. Ekimen hunkigarria da. Taberna edo denda batean edo paseatzen ikusitako pertsona horiek gehiago ezagutzeko aukera duzu. Egun horretan denok elkarri eragiten diogu. Hemen jaioak izan bagina bezala sentiarazten gaitu Mundualdiak.

Nola nahi zenukete ezagutarazi zuen sorterria Mundualdian?
A.T.:
Herri lagunkoi baten gisara. Atzerritar bat Nikaraguan errege baten pare tratatzen da.
S.N.: Nikaragua ospitalarioa da, familiako kide bazina bezala hartzen zaitu, maitasun berarekin. Borrokalariak gara. Iraultzagatik elkarrekiko mirespena egon da, beti bizirik segi dezala.