Mundualdia

Mundualdia, sorterri ezberdinetako herrikideen topagunea

Noaua Aldizkaria 2022ko azaroaren 6a

Jatorri anitzetako herrikideen topagunean bilakatu zen Mundualdia larunbatean. Gastronomia eta musika izan zituen topagune honek lotune nagusiak.

Azoka bateko postu baten alde banatan biltzen da zer eskainia duena eta jakinminagatik edo mahaian dagoena eskuratzeko gogoak erakarritakoa. Larunbatean ospaturiko jatorri aniztasunaren aldeko Mundualdian frontoian ikusi genituen postuetan partekaturikoak askoz hedapen eta inplikazio maila handiagoa zuen. Batetik, bere sorterria erakutsi, ezagutarazi nahi zuten herrikideak, bihotzetik guztion sabelera, sabela pozteko moduko jakiak eskainiz. Postuez bestalde, sorterri guztiok hurbiletik, barnetik ezagutu eta dastatzeko irrika.

Usurbilgo hainbat eta hainbat jatorri ezberdinetako herrikideek haien sorterrietako jakiak maitasun osoz sukaldatu eta eskaintzen aritu ziren herriari. Bide batez, herrikide hainbat hobekiago ezagutu eta hartuemanak sendotzeko kasu batzuetan, abiatzeko beste hainbatetan baliagarriak izan ziren tokian tokiko gastronomiaren aitzakian.

Dozenetik gora postu
Usaimena eta dastamena bidelagun, munduan barrena bidaiatzeko aukera izan genuen Usurbildik mugitu ere egin gabe. Mongolia, Pakistan, Nigeria, Italia, Alemania, Nikaragua, Venezuela, Sahara, Mauritania, Galiza edota Kuba. Herrialde guztiotako ordezkariak ditugu Usurbilen. Eta zuten onena eskaini ziguten, esker onez.

Jatekoa, baita musika ere. Nikaraguako bi herrikideek, Alvaro Teranek eta Saul Narvaezek euren sorterriko hainbat abesti ekarri zizkiguten. Eta segidan, frontoira joandakoak dantza batean jarri zituen Kawadeni taldeak, Afrikako perkusio doinuekin. 

Ohiko formatuan itzuli den Mundualdia, jatorri ezberdinetako herrikideen topagunean bilakatu da beste behin. Mundualdiaren bueltan oraindik bada ate joka dugun beste hitzordu bat.

MUNDUALDIA
Azaroak 10, osteguna
18:00 Mario Zapataren hitzaldia Potxoenean, harrera protokoloen inguruan.
Antolatzaileak: Aniztasun Kontseilua eta Usurbilgo Udala.