Elkarrengana gehiago gerturatu, ezagutu eta elkarren arteko hartuemanak sendotzeko deia, eta batez ere, esker ona. Esker ona adierazi nahi izan zuten larunbatean frontoian ospatu zen Mundualdia abiatzeko egin zuten aurkezpen ekitaldian. Oholtza gainean bildu ziren Usurbilgo alkatearekin batera, Udalaren "Jatorri Aniztasuna eta Bizikidetza lantzen" ildoaren harira, besteak beste, harrera protokoloa landu asmo duen Aniztasun Kontseiluko hainbat kide. Unea, bilgunea jendaurrean aurkezteko baliatu nahi izan zuten.
"Ezinbestekoa da etorkizunera begirako oinarri sendoak ezartzea, gure herriak duen jatorri identitate eta kultur aniztasuna onartu ez ezik, balioan jartzeko eta bizikidetzako elementu bihurtzeko", nabarmendu zuen Agurtzane Solaberrietak. Esker ona adierazi zien Mundualdia biziberritua ospatzea ahalbidetu duten herrikideei. "Gaur plaza honek Usurbilen bizi dugun jatorri eta kultura aniztasuna islatzen du, elkar ezagutzen eta elkar topatzen jarraitzeko aukera paregabea eskaintzen digu gaurko jaialdiak. Mundualdiak azken batean, guztion aterpe izan nahi baitu, guztion topagune".
Esker oneko baita, hitza hartu zuten jatorri anitzetako herrikide eta Aniztasun Kontseiluko partaide direnen aldetik ere. "Gaur lau urte semearekin hona iritsi nintzenetik. Eskerrak Usurbilgo herriari harrera egiteagatik", adierazi zuen Nikaraguan jaio eta egun Usurbilen bizi den herrikideetako batek. "Eskerrik asko Usurbilgo herriari zuen besoak zabaltzeagatik", adierazi zien Kubatik gure artera bizitzera etorritako beste herrikideetako batek, frontoian bildutakoei. Bizileku izan dituen beste hainbat guneetan baino berotasun handiagoa sentitu du Usurbilen. Inplikazio maila eta talde ekintza indartsuagoa, herritarren kultura eta sorterrietatik haratago doana. Pelaioeneako Emakumeen Etxearen proiektuan buru-belarri murgildua dabilela lanean adierazi zuen. Mundualdia bezalako ekimenak txalotu zituen, "hartuemanak hoebbetzen laguntzen dute". Bizi nahi duen herrian bizi dela dio. "Neure eskerrik beroenak. Integratua, babestua eta onartua sentitzen naiz. Beti elkarbizi nahi nuen komunitatean bizi naiz".
Kontseiluko kide izateko deia
Eta herri osoak osaturiko komunitatea indartu nahian dabiltza. Harrera protokoloa lantzen, herrikideei parte hartzeko gonbita luzatu zieten. "Gure herrirako, Usurbilerako garapen, hazkuntza eta etorkizunerako harrera protokoloa lantzen ari gara". Ez baita erraza nork bere sorterria utzi beharra izatea. "Erronka handi bat da", aipatu zuen Venezuelako herrikide batek. Erronka pertsonala, "gurekin datoz ametsak, izan nahi dugun bizimodua".
Usurbilen bertan jaiotakoak ere gonbidatu zituzten Aniztasun Kontseiluan partehartzera. Azkenean, Mundualdia ekimenean sustatzen duten lanketa "ez dugu egun batean geratzerik nahi". Kontseiluan partehartu eta Mundualdiatik haratago, herrikideen arteko hartuemanak sendotzeko deia. "Etorri berriak direnentzat ez da erraza. Batzuetan bakoitzak pixka bat eginez, kalean agurtuz, sarritan etorri berriari egiten diogun eragina handia izango da", zioen Venezuelan jaio eta duela 21 urte gure artera bizitzera etorri zen Aintzane Iribarrek. "Venezuelakoa izan arren usurbildarra sentitzen naiz. Euskarak asko lagundu dit, gainerakoekin alderatuta nahiko zortea izan dut aita euskalduna izanda".
Duela denbora gutxiagotik gure artean, baina "oso ondo sentitzen da" Saul Nargaez nikaraguarra Usurbilen bizitzen duela ia zortzi urtetik hain zuzen. Tristura sentitzen du sorterria atzean utzi izanagatik, baina bizimodu hobeago baten bila abiatu zen orduan emaztearekin eta bi haurrekin. "Hemen tenperatura baxuei aurre egin behar izan genien, hizkuntza berri bat ezagutu genuen, beste kultura batekin aberastu gara", beste herrikide bat gehiago izaten saiatuta. "Hala bizi da migrante bat, bat gehiago izaten saiatuz edonora doala ere, ardura, zintzotasun eta errespetu handiz. Nire hirugarren haurra hazten ikusi du Usurbilek". Eskerrak helarazi nahi izan zizkien usurbildarrei egindako harreragatik. Mundualdia bezalako ekimenen bidez, "elkarrengandik gehiago gerturatzea" nahi luke, "eta alegiazko horma hori apur dezagula. Gure laguntasuna ez dadila soilik mugatu epa bat esatera zebrabidean, supermerkatuan, edo tabernan. Elkarrengandik gehiago gerturatu eta ezagutu gaitezen", adierazi zuen Narvaezek esker onez. "Jakin ezazue esker oneko sentitzen garela. Migranteak zintzoak, borrokalariak gara. Herria gurekin badago, gu herriarekin eta herriarentzat gaude. Aupa Usurbil, aupa usurbildarrak!".