Haur eta nerabeen transexualitateari buruzko hitzaldia gaur 17:00etan Sutegin

Noaua Aldizkaria 2022ko aza. 8a, 07:09

Haur eta nerabe transexualen eta haien familien errealitatea ezagutzeko aukera ederra eskainiko du Hitz Aho-k, astearte honetarako Sutegin antolatu duen solasaldian.

Hego Euskal Herriko adin txikiko transexualen familiak biltzen dituen elkartea ezagutzeko aukera astearte honetan bertan, azaroaren 8an, Sutegiko auditorioan, Hitz Aho Udarregi Ikastolako guraso elkartearen eskutik, arratsaldeko 17:00etan hasita. "Ez da nire gorputza zure begirada baizik. Ulertu, lagundu ahal izateko. Haur eta nerabeen transexualitateari buruzko hitzaldia. NAIZEN, Adingabe transexualen familien elkarteak bideratua", aurreratu dute antolatzaileek. Saio horretan, "familien testigantzak ere bilduko dira" iragarri dute.

Naizen elkartea lau helburururen bueltan sortu zuten. Batetik haur eta gazte transexualen familiei transexualitateari buruzko laguntza eta heziketa eskaintzeko. Haien errealitatea, eskubide eta aldarrikapenak ezagutzera emateko baita, "heziketan, osasun arloan, arlo sozialean, kulturalean eta kiroletakoan, baita arlo juridikoan eta komunikabideetan ere", modu horretan, "transexualitatearen despatologizazioa eta aniztasunean oinarritutako onarpena lortzeko bideak jarriz".

Naizen-ek "adin txikiko transexualen inguruko ikerketetan eta ikasketetan parte hartzea" ere sustatzen du eta baita administrazioan edota justizian haien eskubide eta interesak defendatzea ere, baita "adin txikiko transexualen onerako egokiak diren legezko erreformen sustapenetan eragile izatea". Informazio gehiago eta hainbat baliabide aurki ditzakezue naizen.eus atarian, haur, gazte nahiz helduentzat.