Usurbilgo Puntu Beltzak identifikatzen laguntzeko deia

Noaua Aldizkaria 2022ko azaroaren 7a

Usurbilgo Kafe Tertuliako kideek egin duten aurrelanketara batzeko deia egin diete herriko emakumeei. Udalerrian dauden puntu beltzak identifikatzeko galdetegia osatzera animatzen dituzte.

Kafe Tertuliako kideek Usurbilgo Puntu Beltzak identifikatzeko proiektua abiarazi dute. Taldeak berak identifikazio lan bat egin zuen urriaren 29an antolaturiko Egun Morean. Lanketa hau orain herrira zabaldu nahi dute. “Guk burututako identifikazioaz gain, Usurbilgo emakume* guztien parte hartzea bultzatu nahiko genuke, ahalik eta Puntu Beltz gehien identifikatu ahal izateko”, berri eman dute Kafe Tertuliatik.

Albiste honi atxikia duzuen QR kodearen atzean dagoen galdetegia osatzeko gonbita luzatzen dute. “Bertan, zure esperientziatik abiatuta, burura etortzen zaizkizun Puntu Beltzak zerrendatzea eskatuko zaizu, hauek honela izendatzeko arrazoia zein den ere aipatu beharko duzularik”. Identifikazio lanak amaituta, “Kafe Tertuliako kideok Puntu Beltz bakoitzaren arrazoia mahai gainean jarri eta hauei erantzuna ematen saiatuko gara”.

"Sarritan sentitu izan gara beldurrez"
Puntu Beltzak zer diren argiago azaldu nahi izan dute Kafe Tertuliatik NOAUA!ra helarazi duten idatzian. “Argitasun ezagatik, kalearen luzeragatik, irtenbiderik ez dagoelako edo bestelako arrazoiengatik, Puntu Beltz bezala izendatu ditugu zaurgarriago sentiarazten gaituzten lekuak. Emakumeen aurkako indarkeria egoerak sortzeko arriskua handiagoa den kale eta txokoak hain zuzen ere”. Eta Usurbilen egon badaude baita. “Sarritan sentitu izan gara beldurrez Usurbilgo neska* gazteok herriko txoko ezberdinetan. Honen aurrean, Puntu Beltzen proiektua jarriko dugu abian Kafe Tertuliako kideok”. Hortik planteatzen duten honako galdera. “Eta zu, seguru sentitzen al zara Usurbilgo kale guztietan?”. Erantzuteko garaia orain. “Zure laguntza behar dugu proiektu honi hasiera emateko! Galdetegia bete ezazu Puntu Beltzen identifikazioan laguntzeko!”.

KAFE TERTULIAREN ADIERAZPENA
Eta zu, seguru sentitzen al zara Usurbilgo kale guztietan?
Sarritan sentitu izan gara beldurrez Usurbilgo neska* gazteok herriko txoko ezberdinetan. Honen aurrean, Puntu Beltzen proiektua jarriko dugu abian Kafe Tertuliako kideok.

Argitasun ezagatik, kalearen luzeragatik, irtenbiderik ez dagoelako edo bestelako arrazoiengatik, Puntu Beltz bezala izendatu ditugu zaurgarriago sentiarazten gaituzten lekuak. Emakumeen aurkako indarkeria egoerak sortzeko arriskua handiagoa den kale eta txokoak hain zuzen ere.

Proiektu honi hasiera emateko, guk burututako identifikazioaz gain Usurbilgo emakume* guztien parte hartzea bultzatu nahiko genuke, ahalik eta Puntu Beltz gehien identifikatu ahal izateko. Horretarako, jarraian aurki dezakezun Qr-aren bitartez galdetegi bat betetzea eskatu nahi dizugu. Bertan, zure esperientziatik abiatuta, burura etortzen zaizkizun Puntu Beltzak zerrendatzea eskatuko zaizu, hauek honela izendatzeko arrazoia zein den ere aipatu beharko duzularik.

Behin identifikazioa eginda, Kafe Tertuliako kideok Puntu Beltz bakoitzaren arrazoia mahai gainean jarri eta hauei erantzuna ematen saiatuko gara. Garrantzitsua da leku hauek eraberritzetik zaurgarritasun egoera hauei konponbidea ematea, denok askatasunez erabili nahi ditugun kaleak, denen segurtasuna bermatzen den modu justu batean eraikiz.

Beraz, zure laguntza behar dugu proiektu honi hasiera emateko! Galdetegia bete ezazu Puntu Beltzen identifikazioan laguntzeko!

ELKAR INDARTUZ, KAFE TERTULIA!