Txokoalde inguruko tunela eraikitzeko proiektuari alegazioak aurkezteko kanpaina abiarazi dute

Noaua Aldizkaria 2022ko aza. 8a, 10:53

Usurbil eta Orio arteko trenbidea hobetu nahian, Eusko Jaurlaritzak tunela eraikitzeko asmoa du Txokoalde inguruan. Proiektuari alegazioak aurkezteko epea azaroaren 22an amaituko da. Herritar batzuk kritiko dira egitasmo honekin eta tunela eraikitzeko egin den ingurumen-inpaktuaren azterketarekin. Alegazioak aurkezteko kanpaina bat jarri dute martxan.

NOAUA!ra bidali duten oharrean diotenez, Eusko Jaurlaritzaren asmoak Oria itsasadarreko naturgunean “ondorioak kaltegarriak” eragingo lituzke. “Alde horretatik, aipagarria da Gipuzkoako Foru Aldundiko Basa Animalien eta Landareen Zerbitzuaren eta Jaurlaritzako Biodibertsitate Zuzendaritzaren erantzun argia jaso duela proiektuak, baita Irisasiko baso eremuan dakartzan kalte larriengatik ere”.

Herritar talde honen iritziz, “badira hain erasokorrak ez diren aukera alternatiboak, egungo trenbidearen optimizazioan oinarriturik”.    

Bi argudio hauek zehatzago azaltzen dira alegazioetan. “Hori dela eta, ingurumenaren hondamenak kezkatzen gaituen guztiok eta azpiegitura-lan handien auzian gobernuek egin ohi dituzten gehiegikeriak onartzen ez ditugun pertsona eta talde guztiok” deitu nahi dituzte, “gaia aztertzeko eta alegazioekin ados egonez gero, dokumentua izenpetu eta Eusko Jaurlaritzari igortzeko”. Alegazio-dokumentua euskaraz zein erdaraz topatuko duzue ondoko estekan: alegazioakaginaga.wordpress.com

Alegazioak aurkezteko epea azaroaren 22an amaituko da

Bi modutara egin daiteke:

- Eusko Jaurlaritzaren ‘Zuzenean’ zerbitzuan erregistratu daiteke (bulegoa Donostiako Andia kalean dago, Alderdi Ederren).

- Gutun ziurtatu baten bidez (postaz). “Kasu honetan alegazioak izenpetu eta honako helbidera bidali behar dira: Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza  Eta Garraio Saila. Donostia-San Sebastian kalea, 1. 01010. Gasteiz. “Posta bulegora alegazio-dokumentuaren bi kopiarekin joatea komeni da, kopia  zigilatu bat norberak gordetzeko”.

Argazkia: Emiliano Sobrino Fernández.