Txirikordan bizitzeko baremazio eta esleipen prozedura araudia jendaurrean

Noaua Aldizkaria 2022ko aza. 8a, 09:54

Gaurtik 30 egunez alegazio epean izango da. Eraikitze lanak amaitzear dituzten Ugartondon kokatuko den belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioko bizilekuen esleipen eta sarbide arauak dira Udalak hilabetez jendaurrean ikusgai jarri dituenak.

Urrats berri bat Ugartondoko urbanizazio berrian kokatuko den Txirikorda belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioa irekitzeko bidean. Baremazio eta esleipen prozedura erregelamendua onartu zuen udalbatzak aho batez, urriaren 27ko osoko bilkuran. Alegazioetarako 30 eguneko epea zabalik da azaroaren 8az geroztik, Udalak astelehen honetako Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez berri eman duenez.

Paraleloki bi prozesuren erdigunean dago Txirikorda. Prozesu urbanistikoari dagokionez, eraikitze lanak azken txanpan daudela ikusi ahalko duzue. Udal gobernu taldeak aurreikusia duenez, urte amaierarako eraikina bertan bizitzeko moduan egon liteke. 2023ko udal aurrekontuetan etxebizitzok barrutik ekipatzeko diru partida jaso asmo dute.

Prozesu soziala ere martxan da. Eta bertan kokatua dago urria amaieran udalbatzak hartutako erabakia, lerrootan aipagai duguna. Aurrerago, 2023an esleituko dira etxebizitzak. Bizilagun berriei kontratua sinatzea eta giltzak ematea aldiz, Txirikordaren barne funtzionamendua arautuko duen udal ordenantza onartu ostean izango da. Bertan biziko den taldea elkar ezagutu eta kohesionatu eta gero.   

Interesa pizten
Aurre izen-emate bat bideratu du Udalak online bidezko galdetegi batekin udazken hasiera honetan. 40 lagunek bete dute, udal gobernu taldearen esanetan; %80a 18-30 urte artekoak izan dira, gainerako %20a 65 urtetik gorakoak.


TXIRIKORDA BELAUNALDIARTEKO ETXEBIZITZA KOMUNITARIOA
Nori zuzendua: etxejabeak ez diren 18-30 urte arteko gazteei eta 65 urtetik gorako helduei.
Helburuak: gazteen emantzipazio beharrei eta adinekoen bakardade edota etxebizitzako irisgarritasun arazoei aurre egitea.
Kokagunea: Ugartondoko urbanizazio berria, Ugarte baserriaren ondoan.
Etxebizitza kopurua: 16. Kolektibo bakoitzarentzat zortzina etxe. "Kolektiboren batean ordezkariek ez balego, 2-3 etxebizitza erreserban utziko lirateke. Itxaron zerrenda osatuko da etorkizuneko bajak betetzeko".
Etxebizitzen ezaugarriak:
-Logela bakarreko 10 etxebizitza eta biko beste sei.
-Etxebizitza bakoitzak egongela, sukaldea, komuna, logela(k) eta terraza ditu. Baita espazio komunak ere: terraza teilatuan, portxea sarreran, garbigailuak, biltegiak, sukaldea, jantokia, egongela, liburutegia eta erabilera anitzeko gela.
Elkarbizitza:
-Espazio autogestionatua izango da: bakoitzak bere etxe pribatua izango du, baina aldi berean, espazio komunak partekatuko ditu gainerako bizilagunekin.
-Komunitateak ezarriko ditu espazio partekatuak zeintzuk diren, baita "garbiketa txandak, erabilpenak eta ordutegiak".
-Norbanakoen eta kolektiboaren kontsumoak bereizi egingo dira. Erosketak, harpidetzak zein ondasun kolektiboen kontsumo adostuak sustatuko dira.
Esleipena:
-2 urte baino gehiagoz Usurbilen erroldatua egotea. 
-Eskaera norbanako moduan edo bizi nahi duten pertsonekin batera bideratu ahalko da, "betiere guztiek baldintzak betetzen badituzte". Logela bat edo bi behar diren zehaztu beharko da. 
-Eskatzaileek Udalak eskainitako formakuntzan eta prestaketan parte hartu beharko dute.
-Gazteen kasuan: zozketa bidez esleituko dira etxebizitzak gehienez 5 urterako.
-Helduen kasuan: gizarte zerbitzuek eskatzaileen beharrak neurtzeko baremazioa egingo dute. 5 urtekoa izango da etxebizitzen esleipena, baina luzagarria, "etxea esleitu uneko egoerak bere horretan jarraitzen badu".
-Errenta diru-sarrera guztien %15 izango da, hilero 90 euroko gutxienekoa ezarrita.
-Etxea jabetzen duten helduen kasuan, "kontratua sinatzen denetik urte bateko epean, etxebizitza hori hutsik ez dagoen konpromisoa hartuko dute".
Txirikordan bizitzeko konpromisoak:
-Komunitatean bizitzea: bestearekiko errespetua, parte-hartzea eta komunitateak banaka zein taldean egiteko adostutako lanak egiteko konpromisoa, astean ordu batzuk komunitateari eskaintzea.
-Energia berriztagarrien zein bertako kontsumo arduratsuaren aldeko apustua egiten du.
-Txirikordak Usurbilgo bizitza publikoan eragile aktibo izan nahi du: "beraz, barruko zein kanpoko jarduerak bultzatuko ditu".
Obren amaiera: 2023. urte hasiera.
Informazio gehiagorako: usurbil.eus/txirikorda / 943 371 951.
Iturria: Usurbilgo Udala.