Euskaraldia

Euskaraldiaren izen-ematea azken txanpan

Noaua Aldizkaria 2022ko aza. 9a, 12:24

Hurrengo ostiralean, azaroaren 18an, ekingo dio Euskaraldiaren hirugarren edizioak, eta beraz, izen-ematea amaitzear da. Usurbilen txapak hartzeko eta izena ematen laguntzeko mahaia jarri zuten hilaren hasieran Artisau azokan eta oraindik ere, azken txanpa honetan erraztasunak jarriko dituzte ariketa ahalik eta jende gehienek egin dezaten.

Aurtengo edizioa hasi baino lehen, Usurbilen ere ekitaldiak izan dira giroan sartzeko eta datozen egunetan ere ekitaldi bereziak izango dira. Azaroaren 6an "Goiko gela" gospel taldearen emanaldia izan zen Sutegiko auditorioan. Gospelaren kantu klasiko ezagunenak moldatu eta euskaraz abestu zituzten. Haur, gazte zein helduentzako moduko ikuskizun bizi eta alaia eskaini zuten hizkuntz ohiturak kantuan ere aldatzeko aukera aproposa proposatuta. Azaroaren 18an, hurrengo ostiralean, hasiko da Euskaraldia ofizialki, eta lehen momentu horiei bultzadatxoa emateko azaroaren 20an, igandean, Euskaraldia plazara aterako dute Zumarte Musika Eskolako eta Orbeldi Dantza Eskolako kideen emanaldiarekin. Amaitzeko, behin Euskaraldia amaituta, Euskararen Egunean Euskaraldiko gala egingo dute Aginagako Eliza Zaharrean. Hainbat artistekin gaupasa ederra egiteko parada izango da.

 

Hartu txapa eta euskaraz

Azaroaren 8an Donostian eginiko prentsaurrekoan antolatzaileek adierazi zutenez, Euskaraldiaren aurreko bi edizioetan egindako ikerketek erakutsi dute ahobizi edo belarriprest modura identifikatzeak asko lagundu duela hizkuntza ohituren aldaketetan. Horregatik, ariketan zehar txapa erabiltzeko gonbidapena luzatu dute ekimenaren bultzatzaileek. Euskaraldia kalean ikusgarri egiteko deiari jarraituz hurrengo egunetan kaleak janzteko deia ere luzatu dute eta horretarako hainbat baliabide eskaini ditu Euskaraldiak webgune ofizialean: leiho eta balkoietan jartzeko banderatxoak edo Euskal Herrian zehar zabaldu diren milaka kartelak.

 

Azken hilabeteetan herriz herri martxan egon diren Hitzez Ekiteko ekitaldietan Euskaraldiaren aurreko edizioetan izandako lorpenak eta hirugarren Euskaraldirako proposatutako erronkak azaleratu dituzte milaka hiztunek. Horiek izango dira norberaren hizkuntza ohiturak aldatu eta inguruko pertsona eta erakundeetan eragiteko tresnarik eraginkorrenak.

 

Zer da Euskaraldia?

Euskaraldiaren helburu nagusia herritarren hizkuntza ohiturak aldatuta euskararen erabilera handitzea da. Helduen aktibazioa du oinarri, eta ariketa egin ahal izateko gutxieneko baldintza euskara ulertzea da eta 16 urte baino gehiago izatea.

 

2018an egin zen lehen aldiz ariketa. Euskaraldia: 11 egun euskaraz. Orduan norbanakoengan jarri zen fokua eta Usurbilen harrera ederra izan zuen herritarren artean, baita Euskal Herrian ere, milaka izan baitziren hizkuntza ohiturak aldatzeko helburuarekin ahobizi eta belarriprest moduan ariketan parte hartu zutenak.

Bigarren ariketa 2020an egin zuten partehartzaileek, eta, horretan, entitateei ere ariketan parte hartzeko gonbidapena egin zitzaien, euren eremuetan hizkuntza ohiturak aldatzeko urratsak ematen has zitezen, eta entitateko kideen parte-hartzea sustatu eta babes zezaten. Hala, Ariguneak sortu ziren.

 

Bereziki ariketa edo praktika kolektibo bat da. Ariketa horretan maila pertsonalean edota kolektiboan parte hartu ahal izango da. Hainbat helburu ditu ariketa sozial honek: hiztunen hizkuntza ohituretan eragitea, euskarazko hizkuntza praktikak hedatzeko;  norberaren hizkuntza portaera eta ohituren inguruan gogoeta eragin eta

aldaketan lagungarri izatea; inertziak apurtzea;  gizartean eragina duten era guztietako entitateek hizkuntza ohitura aldaketan babes neurriak hartzea; gizarte aktibazioa, ariketa kolektibo baten bidez; herriz herriko euskaltzaleen artikulazioa bultzatzea; eta euskararen aldeko eragileak ekimen bateratu baten bueltan antolatzea.