Aktibatzen

Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Plan Estrategikoa aurkezteko prest

Noaua Aldizkaria 2022ko aza. 9a, 10:05

Urtean zehar bideraturiko partehartze prozesutik herria aktibatzeko xedez jaiotako etorkizunerako plangintza aurkeztuko dute datorren azaroaren 16an.

"Udalak Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren plan estrategikoa osatzeko parte-hartze prozesua egin zuen iaz, "Aktibatzen. Jarduera fisikoa eta kirola, denon eskura" lelopean. Herriko eskaintza, kirol instalazioak, kluben kudeaketa, dirulaguntzak eta Eskola Kirola izan dira landutako gai nagusiak, eta, orain, emaitzak aurkeztuko dituzte". Azaroaren 16an izango da, arratsaldeko 18:00etan Potxoenean.

Herria aktibatzen
Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren plan estrategikoa garatzen hastera zihoazela iragarri zuten urte hasieran. Usurbilgo Udala, herritarrekin eta eragileekin batera bideratu nahi duen parte hartze prozesua abiarazi nahi zutela. Prozesuaren nondik norakoak aurkeztu zituzten urtarrila amaieran Potxoenean, "Aktibatzen. Jarduera fisikoa eta kirola, denon eskura" aldarripean. "Herritar guztiak gonbidatu nahi genituzke modu batean edo bestean prozesuan parte hartzera", adierazi du Beñat Larrañaga zinegotziak, "denon laguntzarekin jarduera fisikoaren eta kirolaren alorrean Usurbilen hartu nahi den norabidea finkatu nahi dugulako". Eta "kirola eta jarduera fisikoaren onurak ukaezinak" izanik agerraldi hartan gogorarazten zuten moduan, "aktiboak diren herritarrak horretan jarrai dezaten eta inaktiboak direnak aktibatzen hasi nahi dugu". Hortik, egitasmoaren leloa; "aktibatzen".

Parte hartzeko hainbat bide zabaldu zituzten. Prozesua kirol alorreko aholkulari Juanma Muruak dinamizatu du. 

Talde eragilea
Prozesuaren baitan, galdetegi bat betetzeko aukera izan zen otsailaren 7tik 18ra. Hainbat saio egin zituzten Usurbilgo Udaleko sail ezberdinekin edota kirol elkarteekin. Hausnartu nahiz proposatzeko aukera eskaini zuten hitzorduotan, "herritar guztiak parte hartzera animatzen ditugu. Guztion iritzia interesatzen zaigu, bai pertsona aktiboena kirolarekiko duten ikuspegia jasotzeko zein inaktiboen iritziak ere; zergatik ez diren hain aktiboak, ze oztopo aurkitzen dituzten...", Muruak argitu zuenez.

Plan honen ildo estrategikoak definitzen lagunduko duen hausnarketarako talde eragilea osatu zuten. "Kirolean erreferenteak diren pertsonak identifikatu ditugu Usurbilen", azaldu zuen Muruak. Sei herritar aditu eta arituok osatuko zuten bilgunea; Josune Iparragirrek, Iban Maritxalarrek, Ana Errastik, Jon Mikel Azpiazuk, Oidui Usabiagak eta Uxue Fernandez Lasak. Talde eragileko kide batzuk hezkuntza munduan, beste batzuk federazio edota klubetan kudeatzaile gisa dabiltza. Talde anitza beraz. 

"Herritar guztiak asebeteko dituen estrategiak diseinatu behar ditugu"
Jarduera fisikoa eta kirola modu "zabal eta inklusibo batean garatu ahal izateko" eta erronka berriei heltzeko bideratu nahi zuten hausnarketa kolektiboa; "ondo egiten dena indartu eta herri bezala ditugun hutsuneak eta gabeziak antzemateko ordua da. Kolektibo ezberdinen beharrak entzun eta ahal ditugun herritar guztiak asebeteko dituen estrategiak diseinatu behar ditugu. Gure erronka ikuspegi zabal eta inklusibo bat garatuko duen kirol politika bat diseinatzea izango da, izan jaioberri edo adinekoentzako, edozein dela ere norberaren generoa edo sexu orientazioa, non arrakala sozioekonomikoa ez den oztopo izango eta euskarazko eskaintza anitza izango dituen ardatz".

Elkarlanaren bidetik
2020ko otsailean lehen urratsak ematen hasi ostean, bizi dugun osasun krisialdiak atzerarazi duen beste egitasmo bat da honakoa. Ordutik honako bidea "ez da erraza izan", Beñat Larrañaga udal ordezkariak oroitarazi zuenez. Murrizketa eta debeku anitzei aurre egin beharrean aurkitu direla gogorarazi zuen.

Informazio gehiagorako:
usurbil.eus/aktibatzen