Udalak, eragileek, herrikideek 2014. urteaz geroztik lankidetzan marraztu etorkizuneko Usurbilen nondik norakoak biltzen dituen plana prest da. Hasieraz onartu zuten urriaren 13ko udalbatzarrean Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO). Urriaren 26ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaraturiko iragarkiaren bidez Udalak jakinarazi moduan, datorren urtarrilaren 31ra arte jendaurrean izango da ikusgai orain; alegazioak egiteko aukera egongo da.
Zehazkiago esanda, "Usurbilgo Hiri Antolamenduko Plan Orokorra, ingurumen-azterketa estrategikoa eta proiektatutako antolamenduak indarrean dagoena aldatzen duen eremuen mugaketaren laburpen exekutiboa" da jendaurrean ikusgai jarri duena Udalak, baita "ingurumen-azterlan estrategikoa ere". Dokumentu guztiok hiru hilabetez kontsultatzeko aukera egongo da, "interesdunek azter dezaten eta egoki iritzitako alegazioak eta iradokizunak aurkez ditzaten".
Horrez gain, "eraginpeko administrazio publikoei eta herritar interesdunei kontsulta egitea, 2023ko urtarrilaren 31 arteko epean HAPOa eta Ingurumen Azterketa Estrategikoa aztertu ahal izateko, eta egokitzat jotzen dituzten oharrak egin ditzaten. Izapide horiek amaitu ondoren, espedientearen kopia osoa bidaliko zaio ingurumen-organo eskudunari, nahitaezko ingurumen-adierazpen estrategikoa egin dezan".
Herriratzera doaz
Bizpahiru urte barru indarrean jarri asmo dute. Aurretik, alegazio epe hau baliatu nahi du Udalak plangintza bera herriratzeko. Egunotan etxez etxe banatu du Usurbilgo etorkizunerako planaren nondik norakoak biltzen dituen aldizkaria. Aurrez aurre ere aurkeztu nahi du baita, asteotan antolatu dituen saio eta erakusketen bidez.
“Erronka globalei tokiko erantzun komunitario propioak eraiki eta ikuspegi sistemikoz eman nahian, instituzio publikoaren eta herri eragileen lidergo konpartituaren pean, eraldaketa prozesuak behar duen gobernantza eredu kolaboratiboa jorratuz” hortxe kokatzen du Udalak HAPO berria, 2004-13 urte arteko Arau Subsidiarioak ordezkatzera datorrena. Datozen 15 urteetarako “herri proiektua” zehaztuko duena, herriaren aurrera begirako antolamendua definituko baitu.
“HAPO-ak tresna edo bitarteko bat izan nahi du denon artean eraikitako eta denontzako izango den Usurbil jasangarriagoa, inklusiboagoa, onuragarriagoa, eta bizigarriagoa bihurtzeko, euskara garapen komunitarioaren ardatz izango duena, inor baztertu edo atzean utziko ez duena, herrikideak zainduko dituena, eta usurbildarren arteko berdintasuna eta justizia soziala izango duena aspirazio gisa”, udal gobernu taldetik HAPO-a hasieraz onartu zuten udalbatzarrean adierazi zutenez. Gaineratu zutenez, horregatik hain zuzen “egungo hiri-eredua zalantzan jartzen du esku artean dugun HAPOak, eta hirigintza eko-feministaren irizpideak eta begiradak geure eginez, gertutasunean eta ingurumenaren eta herritarren zaintzan oinarrituriko herri ereduan sakontzen du”.
Parte-hartzea ardatz
Lanketa prozesu luzen baten emaitza da planeamendua bera. Herriari hitza ematetik, herritik jaiotakoa. Erreparatu kronologia honi. Hemen HAPO-a lantzeko bideratu diren hainbat parte-hartze prozesu:
-2014-15: “Oraina da geroa” parte hartze prozesua HAPO-aren idazketa abiatzeko.
-2016: “Usurbil Kale Irekiak” parte hartze prozesua. Espazio publikoaren eta mugikortasun iraunkorraren plana idatzi zen.
-2017-2018: Aginagako herrigunea antolatzeko proposamena egiteko parte-hartze prozesua bertakoekin.
-2020: “Guk Zubietan zer?” parte-hartze prozesua HAPOaren inguruko hausnarketa bideratu eta bertako errealitate eta beharrak identifikatzeko, Herri Batzarrak eta Usurbil zein Donostiako Udalek lankidetzan sustatua.
-2021: HAPO-aren proposamenen aurkezpena Kalezarren bertako bizilagunekin.
-2021-22: Auzoa integralki lantzen duen “Santuenea Elkarlanean” parte-hartze prozesua jorratu eta hortik plana osatu dute. Auzotarren talde eragile batek gidatu du prozesua, kanpo aholkularitza tekniko baten laguntzaz.
Azterlan ugari
Paraleloki arlokako hainbat azterlan bideratu ditu Udalak, HAPOaren dokumentuan jasoko dituztenak. Besteak beste:
-2014: Diagnostiko partekatua eta ingurumen aurrediagnostikoa.
-2015: Aurrerakina eta HAPOa idazteko irizpide eta helburuak eta Ingurumen Ebaluazio Estrategikoaren Hasierako dokumentua.
-2016: “Errioa bizi!” Oria ibaiaren paisaiarako ekintza planaren erredakzioa.
-2017: genero perspektiba eta eguneroko bizimodua Usurbilgo espazio publikoan.
-2020: Usurbilgo etxebizitzen azterketa.
-2020-21: Usurbilgo HAPOaren genero inpaktuari buruzko lanketa eta txostena eta ELE hizkuntza inpaktuko azterlana.
-2022: Ingurumen Azterketa Estrategikoa, Inpaktu Akustikoaren Azterlana eta ondare azterketa.
Aurkezpen eta erakusketak
Aurkezpenak
Azaroak 15, asteartea
18:00 Potxoenean.
Azaroak 23, asteazkena
18:00 Aginagako Eliza Zaharrean.
Azaroak 30, asteazkena
18:00 Zubietako Kaxkapen.
Erakusketak:
-Azaroak 20-22/Abenduak 7-31: Sutegi.
-Azaroak 23-29: Aginagako Eliza Zaharra.
-Azaroak 30-abenduak 6: Zubietako Kaxkape.
Arkitektoarekin hitzorduak
Azaroan eta urtarrilean
-Astelehen arratsaldeak: 17:00-19:00.
-Astearte goizak: 9:00-13:00.
Hitzordua eskatu aurrez: 943 371 951.
Antolatzailea: Usurbilgo Udala.