NOAUA! Zientzialaria zarelako ezaguna egin zara azken urteetan, baina orain errezitaldia eskainiko duzu Pettirekin batera. Zer egiten du zientzialari batek errezitatzen?
Ana Galarraga: Errezitaldi honen gaiak badu zientziarekin lotura estua, eta beraz, nire eremuan sentitzen naiz. Bestela ere, zientzia eta letren arteko banaketa hori erabat artifiziala eta gezurrezkoa iruditzen zait. Betidanik landu izan ditut bestelako diziplinak ere: literatura, poesia... Literaturia Zarautzen egiten den jaialdia antolatzen urteak egin ditut eta errezitaldietan ere askotan hartu izan dut parte. Hitzaren indarrean sinesten dut, neuri behintzat barru-barruraino iristen zaidalako eta bada adierazpide bat oso baliotsua. Ikuspegiak eta balioak transmititzeko balio du, eta finean, kultura. Kasu honetan, hitzaz gain musika ere badaukagu. Mezuari indarra ematen dio horrek. Ez da beste errezitaldi batzuetan bezala errezitaldia janzteko modu hutsa, kasu honetan abestiak txertatuta daude testu horretan. Gidoiaren parte dira. Badu bereizgarri hori.
Errezitaldia mutantea izango omen da.
Bai, hala da. Mutantea da aldatu egiten delako batetik bestera. Eskaintzen dugun errezitaldi bakoitza emanaldi bakarra da. Bizitza bera ere horrelaxe da. Munstroaren ideiarekin lotuta dago. Nor da munstroa? Mary Shelleyk idatzitako Frankenstein liburuan oinarrituta dago errezitaldia. Uste dugu Frankenstein dela munstroa, baina ez. Munstroa sortu zuena da Frankenstein. Errezitaldia zientzialari horri bideratutako eskutitz bat da. Galderak egiten dizkiogu Mary Shellyk jarritako zalantza horiek planteatzen dizkiogu Victor Frankensteini, oraindik ere erabat gaurkotasunezkoak baitira. Zergatik diogu beldur ezberdina den horri? Non daude zientziaren mugak? Jainko izatera jolastea zigorgarria al da? Nork dauka errua zuk sortutako zerbaitek kalte egiten badu? Nork du erantzukizuna? Galdera horiek liburuan planteatuta daude, baina gaur egun ere egin daitezkeen galderak dira. Gerra zibilaren garaira ere jotzen dugu galdera hauek egiterakoan.
“Kultura arloan lan asko egiten duen herria da Usurbil”
NOAUA!ren Kulturaldian antolatzen diren ekitaldietan ikusi izan zaitugu. Gustuko dituzu Usurbilen antolatzen diren ekitaldiak?
Ana Galarraga: Sutegi aretoaren jarraitzaile sutsua naiz, bai eta Usurbilgo herriarena ere. Kultura arloan lan asko egiten duen herria dela iruditzen zait, eta Sutegi buruan dudan bakoitzean izugarrizko inbidia pasatzen dut guk Zarautzen ez daukagulako herriari tokatzen zaion neurriko aretorik, eta uste dut hori badaukala Usurbilek. Beti sentitu izan naiz ongi etorria Usurbilen. Ilusio handia egiten dit NOAUA!ren Kulturaldian parte hartzeak. Booktegi-ren jaialdian egin zenean, duela aste batzuk ere bertan izan nintzen egun osoan. Solasaldi bat gidatzeko aukera izan nuen eta aretoan jende asko zegoen, gainera. Ilusioz hartu dut errezitaldiarena ikusita jendea Sutegin mugitzen dela eta agian jende dezente hurbilduko dela gu ikustera ere.
Joan zen urtean ere izan nintzen Sutegiko oholtzan Elhuyarrek antolatutako jardunaldi batzuetan. Alproja Zarauzko antzerki taldearekin ere izan naiz eta plazer bat izango da itzultzea. Erantzukizun puntu horrekin eta maila emateko irrikitan.
Petti musikariarekin batera arituko zara ostiral honetan Sutegin.
Pandemia garaian sortu zen proiektu bat da hauxe. Petti-ren disko askotako abestiak biltzen ditu errezitaldiak eta aukera ematen du aspaldiko abestiak egunerokora ekartzeko.