NOAUA! Igandean ‘Magma mia’ bakarrizketa eskainiko duzu Sutegin. Zeri buruzko lana da honakoa?
Beatriz Egizabal: Zuloak ixteko hezi gaituzte eta arazo asko zuloa tapatuta ez dira konpontzen. Sumendi hori lehertzear dago eta hori da gaia. Patriarkatuak egunerokotasuna nola baldintzatzen digun aztertuko dut. Egunerokotasuneko aspektu txiki askotan eragiten digu eta gure izaera ere horri oso lotuta daude. Hau kontatzeko pasarte eta istorio umoretsuetan oinarrituko naiz, umoretik eginiko kontaketa baita.
Non du jatorria lan honek?
Kuadernotxo bat daukat ideiak jartzeko erabiltzen dudana. Zerrenda horretan mila gauza dauzkat idatzita, baina gero denek ez dute forma hartzen ez daukadalako denborarik edota ez delako haien momentua. Feministaldiak bakarrizketa bat eskatu zidan aurreko ediziorako espresuki feministaldi horretarako sortua. Zerrenda horretatik orduerditxoko bakarrizketa bat osatzeko gai izan nintzen. Izen bat ere behar zuen lanak eta garai hartan Kanarietako La Palmako sumendiaren gaia puri-purian zegoen eta hortik magmaren ideia atera zen eta ‘Magma mia’ izenarekin amaitu zuen. Dena erabat lotuta dago, karteleko sumendiarekin, sutan egote horrekin, lehertzear egotearekin... Feministaldirako egindako lan horrek jarraipena behar zuela ikusi nuen eta lehen hazi horretatik tiraka Sutegin eskainiko dudan lana sortu zen, ordubete ingurukoa.
Umorea izan duzu lan tresna hainbatetan, bai eta feminismoaren bidea jarraitu ere. ‘Magma mia’ bakarrizketak ere bide horiek jarraitzen al ditu?
Umorea nire erregistro naturala da, clown edo pailazo formakuntza jaso baitut. Izaeraz ere badaukat umore puntu hori bizirauteko tresna gisa. Oso eroso nago umorean eta nire erregistro naturala da, erabat. Feminismoa ez dut inoiz zuzenean gaitzat hartzen, hau da, gai bat lantzen dut, baina beti ikuspuntu feministatik. “Antzerki feminista egin du”, esaten dute, eta hala da, baina ikuspegi bat baino ez da. Justu lan honetan patriarkatuari buruz hitz egingo dut, baina tartean badaude bestelako pasadizoak ere eta horiei ematen diet ikuspuntu feminista zuzenean gaitzat hartu beharrean. Umorea erregistro dut eta feminismoa zeharlerroa da. ‘Erradikalak ginen’ lanean ere gai asko lantzen genituen: euskalgintza, indarkeria... Gaiak ez dira bereziki feministak, baina gai horien azterketa feminista zen.
‘Erradikalak ginen’ lana eskaini zenuen 2021ean Sutegin Ane Labakarekin batera. Harrera oso ederra izan zuen lan hark. ‘Magma mia’-k nolakoa izan du beste herrietan?
Oso pozik nago, oso ondo hartu dute. Herri txikietan egin dut bakarrizketa hau eta estreinakoa Lasarten egin nuen, nire herrian. Bakoitzak bere herrian egitea izaten da zailena, baina oso ondo atera zen. Testua jada oso barneratuta daukat eta gozatzen ari naiz ekitaldi bakoitzean.