Diasporari buruzko bideo labur batekin ekin zion hitzaldiari, 1900-1960 urte bitartean Argentinara emigratutako euskaldunen testigantzak bildu eta migrazioari aurpegia jartzeko. “Oso idealizatuta daukagun diasporari beste aurpegi bat jartzen dio honek, Euskal Herrian bizi zuten egoera sozio-ekonomiko gogorraren ondorioz alde egin eta bizi baldintza oso gogorretan bizi behar izan duten euskaldunen historia kontatzen du honek”, hasi zuen hitzaldia Zapatak.
Euskaldunen migrazio emari hartatik hasita, egun ezagutzen ditugun migratzaileekin ere halako enpatiarik ba ote dugun, gogoeta horretatik abiatu zen hitzaldia. Marko teorikoaren barruan, harrera zer den eta zein motatakoak dauden aztertu zuten ondoren, bai eta harrera ikuspuntutik Usurbilen egin diren lanei erreparatu ere. Nortzuk dira etorkinak? Zenbat denboraz da pertsona bat etorkin? Hemen jaiotako etorkinen seme-alabak zergatik hartzen dira estatistiketan eta gizartean etorkintzat? Galdera horiek jarraitu zuten ondoren.
Harrera kontuetan, administrazioen eta instituzioen gain uzten da harreraren erantzukizuna, baina norbanakoek ere badute lan horretan zereginik. Administrazioak erraminta gehiago ditu horretarako, eta horiek etengabe garatzea ezinbestekoa bada ere, eragile sozialek eta hortik haratago norbanakoek ere tresna sozialak garatu behar dituzte etorkinei behar bezalako harrera egiteko. Estaturik gabeko herria izanik, ezaugarri kultural propioak ditugu Euskal Herrian eta beraz, euskara ere ezinbesteko tresna da harreraren esparruan. Izan ere, Euskal Herrira etorritako etorkinen ehuneko oso handi batek haurrak A edo B ereduan matrikulatzen ditu informazio faltagatik edota euskara eta kulturarekiko jaso duten harrera pobrearen ondorioz. Egoera hori iraultzea denon eskuetan dagoela azpimarratu du Zapatak, eta tresna berriak sortzea ezinbestekotzat jo du. “Denok egin dezakegu zerbait harrera prozesuetan”, mezu hori zabaldu nahi izan zuen hizlariak.