TOKIKOM

Tokikom sarietako bat NOAUA!rentzat izan da

Noaua Aldizkaria 2022ko aza. 11a, 12:29

Tokikom Sariak ekitaldia ospatu da gaur goizean Arantzazun. Tokiko euskarazko komunikabideetako 120 lagun eta hainbat erakundetako ordezkariak batu dira bertan, ‘Elkarrekin bidea eginez’ jardunaldien bueltan. NOAUA! ere bertan izan da.

Instituzioetako ordezkariek elkarlanari eman diote balioa eta hamar urteotan egindako bidea eskertu diete tokiko komunikabideei.

Sari banaketan, NOAUA! astekaria eta web orrialdea izan da garaikur bat eskuratu duen hedabideetako bat. Bideoan duzue unea. Alaitz Aizpurua NOAUA! Kultur Elkarteko dinamizatzailea eta idazkariak jaso du saria, Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasuneko zuzendariaren eskutik.

2023an urteurren ospakizuna
Ekitaldia bera azken Tokikom sortu zeneko hamargarren urteurrenarekin lotu nahi izan dute. Ibilbide hau gaur Arantzazun eskaini duten ikus-entzunezko lan batean jaso dute. Jardunaldi izaera zuen hitzordua zen gaurkoa; barne-gogoetarako baliatu nahi izan dutena, tokiko komunikabideen arteko iritzi trukea sustatzeko. "TOKIKOMen beraren izaera eta funtzioa hurrengo urteetan, komunikabideen finantzazioarekin lotutako erronkak, digitalizazioak dakartzan aukera berriak…", aurrera begira sektoreak dituen erronkak hartu nahi izan dituzte ahotan.

Tokikom-en hamargarren urtemugari lotutako jardunaldi eguna gaurkoa. Urteurren ospakizuna, aldiz, 2023an ospatuko dutela iragarri dute. Datorren urteko lehen hiruhilekoan. NOAUA! K.E. kide duen Tokikom-i lotutako zenbait zenbaki segidan. 74 hedabide kudeatzen dituzten 28 bazkideek osatzen dute. 28 aldizkari, 5 telebista eta 9 irrati kate daude Tokikom-en baitan. Euskal Herri osoko 297 udalerritan ari gara lanean.