Euskaraldia

Euskaraldiaren mahaia kalean asteburuan

Noaua Aldizkaria 2022ko aza. 11a, 10:09

Astebete baino ez Euskaraldia abiatzeko. Izena eman gabe egon eta Ahobizi edo Belarriprest izateko txapa bila dabilenarentzat, Usurbilgo Euskaraldiaren batzordeak mahaia jarriko du asteburuan Sutegi inguruan.

Astebete baino ez hirugarrenez, euskara ahotan hartzeko Euskal Herri mailako ariketa kolektiborako. Azaroaren 18an abiaraziko dute 3. Euskaraldia, baita Usurbilen ere. Izena eman gabe egon eta Ahobizi nahiz Belarriprest txapa eskuratzeko aukera izango da asteburu honetan. Euskaraldiaren Usurbilgo batzordeak mahaia jarriko du Sutegi inguruan; ostiral iluntze honetan, afalaurreko tartean eta baita igande eguerdiko, azaroaren 13ko pote orduan ere.

Online ere bideratu daiteke izen-ematea, helbide honetan: izenematea.euskaraldia.eus


3. EUSKARALDIA USURBILEN: DATOZEN DEIALDIAK
Azaroak 11, ostirala
19:30-20:30
Euskaraldiaren mahaia Sutegin.

Azaroak 13 igandea
11:30-13:30
Euskaraldiaren mahaia Sutegin.

Azaroak 18, ostirala

Euskaraldiaren hasiera. “Ahobizi eta Belarriprestak, nork bere roletik aritzeko unea!”. Musika, dantza eta kantuez giroturiko hasiera.

Abenduak 3, larunbata
Euskaraldiko gala. “Amaiera dotorea emango diogu aurtengo edizioari Aginagako Eliza Zaharrean. Hainbat artistarekin gaupasa ederra egiteko parada”.

Antolatzaileak: Euskaraldiko Batzordea eta Usurbilgo Udala.


Belarriprest
Horrela definitzen dute Euskaraldiko arduradunek Belarriprest izan daitekeen norbaiten rola: “Aldiro erabakitzen dut euskaraz noiz eta norekin egin. Agian, beti ez dut euskaraz egingo ulertzen duten guztiekin, baina euskara dakitenek niri euskaraz hitz egitea nahi dut, eta horixe eskatzen diet modu esplizituan”. Belarriprest izateak ez du zerikusirik euskaraz hitz egiteko gaitasunarekin, jokaera kontua da. Dakienari euskaraz hitz egiteko gonbidapena luzatu nahi dietenentzat da egokiena belarriprest rola.

Horra adibide batzuk modu praktikoan belarripresten rola ulertzeko. Marenen kasua da honakoa: Marenek urte asko daramatza Usurbilen bizitzen, baina euskara ondo dakien arren ez du askotan hitz egiten. Maren belarriprest izango da eta gustura eramango du txapa paparrean, berari euskaraz egitea nahi baitu hala egin nahi dutenak babesteko. Bere ekarpena horraino emateko prest eta gogoz dago. Kontuan izatekoa da Maiteren kasua ere belarriprest aukeratu edo ez dauden horientzat: Maitek badaki euskaraz, baina laneko zenbait bezerorekin ez da eroso sentitzen elkarrizketa elebidunak mantentzen. Beraz, belarriprest izango da, eta nahiz eta batzuetan erdaraz egin, saiatuko da ahal bezain beste euskaraz egiten.

Azkenik, Etumeta euskaltegikoa izan daitekeen Eneritzen kasua: Eneritz euskara ikasten ari da; ulertu, ulertzen du, baina ez da hitz egiteko gai sentitzen. Belarriprest izango da eguneko ordu eta leku guztietan, eta eroso sentitzen denetan euskaraz erantzuten saiatuko da.

Ahobizi
Horrela definitzen dute Euskaraldiko arduradunek ahobizi izan daitekeen norbaiten rola: “Euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egiten dut uneoro. Kideek euskaraz ulertzen oten duten ez dakidanean lehen hitzak, beti, euskaraz egiten ditut; euskaraz ulertzen badute, euskaraz jarraitzen dut. Batzuetan zaila izan arren, elkarrizketa elebidunetan ere euskarari eusten diot kideek ulertzen dutenean”. Orain arte euskaraz izandako elkarrizketek euskarazkoak izaten jarraituko dute; baina, orain arte erdaraz izandako elkarrizketa batzuk euskaraz edo elebidunez izatea ere lortuko du. Jarrera aktiboa izango du, beraz. Harreman sarean dituen hizkuntza praktikak aztertu eta euskarara aldatzeko aukera duen horietan eragingo du. Hizkuntza aldaketarako aukeratutako harreman horietan ezezik, bizitzako esparru guztietan euskaraz arituko da, ahal den guztietan, ahal duen guztiekin. Bi aldeek euskaraz ulertzen badute, ez dago euskaraz ez egiteko arrazoirik. Ahobizi eta belarriprest ugari izango baititu inguruan. Ahobizi izateak ez du euskaraz hitz egiteko gaitasunarekin zerikusirik, jokaerarekin baizik. Ahal duen guztietan euskara erabiltzeko prest dagoenarentzat da rolik egokiena Ahobizi. Ahobizi izateak ez du euskaraz hitz egiteko gaitasunarekin zerikusirik, jokaerarekin baizik. Ahal duen guztietan euskara erabiltzeko prest dagoenarentzat da rolik egokiena Ahobizi.

Informazio gehiagorako: euskaraldia.eus