Aldaketak udalerri hau zeharkatzen duen Lurraldebusen zerbitzuetako batean. Oraingoan lerrootara dakarkiguna ez da murrizketa neurri berriei lotutako albiste bat, zerbitzu hobekuntza bati buruzko xehetasunak baizik. Lurraldebusek ohartarazi duenez, geltoki berria izango du gaurtik, azaroaren 14tik aurrera, Aginaga eta Usurbil ospitaleekin lotzen duen autobus zerbitzuak. Aurrerantzean bai osasun zerbitzuak biltzen dituen eremura joaterakoan nahiz handik itzultzeko Miramonen geltokia izango du BU02 zerbitzuak. Bina bi noranzkoetan.
Lurraldebusetik berri eman dutenez, "geltoki berriak Mikeletegi kalean izango dira, 6. eta 12. zenbakietan, Donostiarako noranzkoan, eta kale berean, 5. zenbakian, Miramon parean, Usurbilerako noranzkoan". Honenbestez, ibilbidea luzatuko du Lurraldebusek ospitaleen ingurunea, Hernani kanpoaldearekin, Lasarte-Oriarekin, Usurbilekin eta Aginagarekin lotzen duen zerbitzua, "herritarrekin hartutako konpromisoarekin bat etorriz: erabiltzaileei ematen zaien zerbitzuaren kalitatea hobetzeko, kasu honetan bezala, geldialdi-zerbitzu berriak zabalduz".
Modu honetan, geltoki berriok BU02-ren zerbitzuak osatzen duen ibilbidean txertatzeak "erantzuna ematen die Miramongo teknologia-parkean lan egiten duten garraio publikoaren erabiltzaileei, eta Lurraldebusen etengabeko hobekuntza-prozesuari".
Geltoki berriok txertatzeak, ibilbidea luzatzea eragin du. Hona hemen, datorren astelehenetik, azaroaren 14tik aurrera, nondik noiz igaroko den zehazten duen Lurraldebusen dokumentua. Ordutegiari dagokionean, ez dago aldaketarik. Orain arteko maiztasun eta orduei eutsiko die BU02 zerbitzuak.
Informazio gehiagorako:
lurraldebus.eus
900 300 340