Hiru egun baino ez 3. Euskaraldiari ekiteko. Herri erdigunean, plaza giro ederrean eman nahi zaio hasiera, bi astez luzatuko den ariketa kolektiboari. Azaroaren 18an, ostiral arratsaldeko 18:00etan, Mikel Laboa plazan. Euria bada, frontoian. Kantua, musika eta dantza osagai nagusi izango dituen hitzordura joateko gonbita luzatu du antolakuntzak, Euskaraldia herriratzen ari den batzordeak.
Lehenbizi, Euskaraldiaren abestiaren koreografia prestatzeko entsegua egingo da, herri osoarentzat irekia izango den saioa. Prestatzeko erraza izango dela aurreratu du antolakuntzak. Segidan hasiko da ekitaldi nagusia. Koreografia hau dantzatzearekin batera, abesteko tartea hartuko da, manifestu bat ere irakurriko dute. Zumarte Musika Eskola, Usurbilgo Euskal Kantu Taldea edota Orbeldi Dantza Taldea bateratuko ditu hitzorduak. Orbeldik gidatuko du hain zuzen, koreografiaren prestaketa lana.
Euskaraldiaren hasiera girotua, Iñorkiñak taldekoekin borobilduko da, erromeria giro betean.
Txapak eta izen-ematea
Gogoan izan, Euskaraldiaren helburua, Belarriprest nahiz Ahobizi rol-etik edota entitateetan osatu diren ariguneen bidez euskara ahotan hartzea da, geure eguneroko hizkuntza-ohituretan eragitea. Ariketa bera egoki gauzatzea azaroaren 18an hasi eta abenduaren 2ra arte, bi astez. Horretarako ordea, parte hartzaile guztiei izena ematea eskatzen zaie izenematea.euskaraldia.eus atarian. Lehen aldiz parte hartu dutenen kasuan soilik ez. Honako hau hirugarren edizioa izanik, aurrekoetan ariketa kolektibo honetan jardun duenari parte-hartzea berrestea eskatzen zaie. Eta txapak eskuratzea. Aurrez erabilitakoa eskura duenak horixe bera balia dezake noski.
Txapa galdu duenak edota Euskaraldian estreinakoz parte hartzera doanak, Etumeta AEK euskaltegian, Potxoenean edota NOAUA! Kultur Elkarteak eskuratu ahalko du egunotan. Bestela baita ostiraleko 3. Euskaraldiaren aurkezpen ekitaldian ekimen hau Usurbilen sustatzen ari den batzordeak jarriko duen postuan ere.
Bizilekutik ere Euskaraldiari atxikimendua adierazi nahi dionak, arropak, poltsak eta balkoian zintzilikatzeko oihalak eskura ditzake denda.euskaraldia.eus atarian.
Informazio gehiago, euskaraldia.eus atarian.