Zaintza erdigunean jarriko duen Bizipozaren 6. jardunaldia azaroaren 26an

Noaua Aldizkaria 2022ko aza. 15a, 13:50

Bizipoza elkarteak Udalarekin batera sustaturiko “Zaintza sistema publiko-komunitarioaz: elkarrekin hausnartzen, partekatzen eta eraldatzen” jardunaldia ospatuko da azaroaren 26an Sutegin. Besteak beste, Amagoia Mujika Telleria kazetari usurbildarrak idatzitako “Munduak guztiontzat beharko luke, baina ez da” liburua aurkeztuko dute.

Bestelako zaintza eredu bat birpentsatzeko lanketa betean den herri honetan, geldialditxo bat egingo da asteotan hausnarketarako, esperientzien trukerako, eta eraikitzen segitzeko. Zaintza Azoka ospatuko da larunbatean, datorren urtera arte luzatuko den hitzaldi ziklo bat ere abiatuko da azaroaren 17an. Denontzako herri bizigarriagoa izatea helburu duen berriki hasieraz onarturiko Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) ere jendaurrean aurkezten hastera doa Usurbilgo Udala. Zaintzari lotutako agenda horri beste hitzordu bat batu zaio aste hasiera honetan: Bizipozaren 6. Jardunaldia ospatuko da azaroaren 26an Sutegin. Eta ez da zori kontua, antolatzaileek hitzordua aurkezteko aste hasiera honetan egindako agerraldian nabarmendu dutenez. “Urteak daramagu lankidetzan. Usurbil Bizipoza herria dela sentitzen dugu”, zioen Leire Elizegi Bizipozaren koordinatzaileak.

Atzera begira jarrita hain zuzen, bi Bizipoza jaialdi ospatu dira Usurbilen, azken bi urteotako online bidezko jardunaldiak ere udalerri honetatik eskaini dira, eta aurrez aurrekoa ere Sutegin berreskuratuko dute hilaren 26an. Zaintzaren gaia jorratuko dute. Hala dio jardunaldiaren izenburuak: “Zaintza sistema publiko-komunitarioaz: elkarrekin hausnartzen, partekatzen eta eraldatzen”.

“Sarearen ideiarekin jolastu dugu liburu osoan”
Jardunaldi egun horretan besteak beste, “Munduak guztiontzat beharko luke, baina ez da” liburua aurkeztuko da. Amagoia Mujika Telleria kazetari eta herrikideak idatzitakoa da. “Galderak daude liburu honetan. Munduak guztiontzat behar luke? Baiezkoa bada erantzuna, eta garbi uste dugu baietz, baina ez bada zer falta zaion izateko eta nori dagokion hutsuneak betetzea”, hortxe kokatzen du liburuaren mamia. Mujikak argi zioen Bizipoza jardunaldiaren aurkezpenean; denoi baina bereziki erakunde publikoei dagokie zeregin hori. Egunerokoan ordea, erakundeek betetzen ez dituzten zuloak estaltzen ezinbestekoa da Bizipoza bezalako elkarteen jarduna. Horregatik, “sarearen ideiarekin jolastu dugu liburu osoan”. Saregile gisa marraztu ditu Bizipoza osatzen duten elkarteak, hutsuneak josten, “ahalik eta hoberen dituzten baliabideekin moldatzen, heroi handiak dira”. Boluntariotza lan horri buruzko hausnarketa herriratu nahi du liburuak, zer nolakoa izatea nahi dugun; “karitatean eta desberdintasunean oinarriturikoa edo benetan eraldatzailea eta gizarte justuago bat eraikitzeko bidean pausoak emango dituena”. 

Azken hamarkada luzean Bizipozarekin eginiko lankidetzaren baitan dator liburu honen plazaratzea, aurretik elkarte beraren ipuinen gidoiak landutakoa da. Oraingo argitalpenerako Peio Manterola Pavo andoaindarrak eginiko “Bizipoza egitasmoa: Euskal Herriko haurren eskubide-egoera gizarte eta hezkuntza ikuspegi batetik” master amaierako ikerlana hartu du abiapuntu gisa. “Premia eta eskubide batzuk daude erakunde publikoetatik bermatzen ez direnak. Hortik hasi ginen Bizipozako elkarte bakoitza aztertzen”, Manterolaren esanetan.

Eskubideen gaia jorratzeaz gain, “ongizatea, ilusio, alderdi politiko eta soziologiko asko lantzen dira”, eskubideon defentsan Bizipoza osatzen duten elkarteak eragile politiko gisa ikusten baititu. Lanketa honen bidez, “hezkuntzan, osasun alorrean, premiak identifikatu ziren”. Besteak beste, azaroaren 26ko Sutegiko jardunaldian mintzagai izango den “zaintzak duen premia”.

Bizipoza Jardunaldian eskuratu ahalko da lerrootan mintzagai dugun liburua, bestela Bizipoza-k Durangoko Azokan izango duen postuan 10 euroren truke edo bizipoza@bizipoza.eus helbidera idatzita.

Herri bizigarriagorantz
Bizipozaren jardunaldia, aipatu liburuaren aurkezpena... “Guretzat beste aukera bat da egiten ari garen lanketa horretan guztian, Bizipozatik eta berau osatzen duten elkarteetatik egiten ari diren hausnarketak eta ekarpenak gurera ekartzeko”, adierazi zuen aurkezpen ekitaldian Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak. “Beraz, eskerrik asko zuen hausnarketarako Usurbil aukeratu duzuelako plaza bezala”. Ezinbestekotzat jotzen du jardunaldiotako ekarpena, “zaintza ekosistema berri bat eraikitzeko”. Pertsonak erdigunean jarriko dituen zaintza eredua birpentsatzen ari den herri honetan, gai honi “modu integralean heldu nahi diogu”, helburu argi batekin; “herri bizigarri bat izan dadin. Bestela esanda, herrikideak zainduko dituen komunitatea eta herria izatea nahiko genuke”.