"Aztarrikant" ekimena gaur, gazte asanbladaren eskutik

Noaua Aldizkaria 2022ko aza. 17a, 07:06

Iaz ospatu ezin izan zuten ohiko Gazte Egunez egindako mobilizazioa.

Ostegun honetan "Aztarrikant" ekimena ospatuko dute, 2. Gaztealdiaren baitan. Gazte Asteburua ere antolatu dute azaroaren 25 eta 26rako. Ate joka diren hitzorduok iragarri ditu Usurbilgo gazte mugimenduak.

Aztarrikant
Gazte Euskaltzaleen Sareak lau egunez euskara hutsean bizitzeko erronka luzatu du, azaroaren 14tik 17ra hain zuzen. Parte hartzeko bi modu proposatu ditu: #EuskarazBizikoGara traola erabilita sareetan artikuluak, irudiak, hausnarketak... partekatzea eta kalean salaketa, aldarrikapen edota "agitpropa" ekimenak egitea. "Ariketa praktiko bat da. Gazteon artean euskaraz bizitzeko hautua bultzatu, eta gure egunerokoan hautu hori oztopatzen dituzten faktore edo baldintzak erakustarazteko asmoa duena. Faktore estruktural horiek azaleratu eta eraldatzeko gazte ekimena". 

Azaroaren 14tik 17ra Gazte Euskaltzaleen Sareak deitutako 2. Gaztealdiarekin bat egin du Aztarrika Usurbilgo gazte asanbladak. Aztarrikant izeneko ekimena iragarri du ostegunerako, azaroaren 17rako, iluntzeko 19:00etan. Kantu-jira egitekoak dira. "Ekarri zure zapia!", eskatu diete hitzorduan parte hartu nahi dutenei.

Gazte Asteburua
Gaztealdiaz haratago, Usurbilgo gazte mugimendua azaroko azken asteburura begira da jada. Gazte Asteburua iragarri dute azaroaren 25 eta 26rako. "Inoiz baino indartsuago" datorrela iragarri dute sare sozialen bidez. "Jaia eta borroka" uztartzen dituen ekimena izaten dela gogorarazi arren, "aurten borrokari inoiz baino lehentasun handiagoa emango diogu" iragarri dute.

Urrian egin zen herri bileran iragarri zuten moduan, datorren Gazte Asteburuan bildutako laguntzaren zati handiena Maria Angeles Otaegiri emango dietela adierazi dute. Gogoan izan 80 urteko Usurbilgo emakumea etxegabetze arriskuan da. Herritarrez osaturiko bilgune bat dago bera lagundu eta bizi duen egoera bidegabea salatzen, azaroaren 1eko Artisau Azokan elkarretaratze jendetsu baten bidez plazaratu zuten moduan. Urriaren 21ean egin zuen bilgune honek lehen herri bilera Artzabalen, eta gazte asanbladatik Maria Angeles laguntzeko prestasun osoa adierazi zieten.

Borroka eta jaia uztartuko ditu beraz datorren Gazte Asteburuak. Adi, gaur bertan, jartzekoak dira afaritarako txartelak salgai Aitzagan eta Txirristran. Azaroaren 23ra arte eskuratu ahalko direla berri eman du Aztarrikak. Egitarau zehatza egunotan plazaratuko duten arren, aurreratu dutenez hilabeteko azken ostirala aurten azaroaren 25a izango da, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Eguna. "Kafe Tertuliak mobilizazioa deituko du eta parte hartzera animatzen dizuegu", iragarri dute. 

Borroka Astea Buruntzaldean
Buruntzaldeako Ernaik Borroka Astea iragarri du bestalde, abenduaren 1etik 9ra. "Egitarau zabala izango dugu zeharkatzen gaituzten hamaika borroketan sakontzeko eta ekiteko, eta mobilizazio eta kontzertuekin amaituko dugu astea". Parte hartzeko gonbita luzatu dute. "Buruntzaldeako gazteok borrokara goaz! Bertan itxarongo zaituztegu, gorde datak!". 

Eskualdean zehar hainbat ekimen bideratzekoak dira hilabete hasieran. Hitzorduetako bat, erraustegiaren aurkakoa Sutegin, abenduaren 9an.