Usurbilen etorkizuna erabakiko duen tresna nagusia zalantzarik gabe. Urte luzeetan herri honek eginiko lanketa dokumentu anitzetan bildua, orain herriratzen hasiak dira. Datozen 15 bat urteotako Usurbil marraztu duen Hiria Antolatzeko Plan Orokorra (HAPO) aurkezten hasia da Usurbilgo Udala. Astearte honetan egin dute lehen saioa Potxoenean. Aginagan eta Zubietan datozenak.
Planeamendua alegazio epean izango da urtarrilaren 31ra arte. Udalak HAPO-a ezagutarazteko bide ezberdinak baliatzen ari da asteotan; aurreikusten diren esku-hartze hainbat arloka nahiz auzoka zerrendatzen dituen aldizkaria banatu dute etxez etxe. Kaxkoan, Zubietan eta Aginagan erakusketa bana egitekoak dira baita. Udal arkitektoarekin hitzordua eskatu eta informatzeko aukera ere eskainiko du Usurbilgo Udalak alegazio epe honen bukaerara arte, urtarrila amaierara arte alegia. Eta aipatu moduan, hiru aurkezpen saio ere iragarri ditu Udalak. Lehenengoa, astearte honetan egin dute Potxoenean.
"Herri-proiektu bat definitzen du"
HAPO-ak Usurbilgo datozen 15 urteotako garapena zehaztua du, egun indarrean diren Arau Subsidiarioak ordezkatuko ditu. "Udalerriak etorkizunean izango duen antolamendua zehazteko oinarrizko tresna da, izan ere, udalerriko lurzoruen erabilerak arautzen ditu, eta, besteak beste, ingurune naturala, mugikortasuna, espazio publikoa, etxebizitza, jarduera ekonomikoa edota ekipamenduen gaietan eragin zuzena du. Herri-proiektu bat definitzen du, azken batean". Lurzoruak sailkatu, erabilera orokorrak ezarri, erabilera bakoitzerako eraikigarritasuna finkatu eta esku-hartzeak programatzen ditu HAPO-ak.
Ez da plangintza autonomo bat, Usurbilgo Udaletik gogorarazten dutenez. "Baldintzatzaile ugari ditu" udalez gaindiko beste hainbat araudi eta planeamendu hain zuzen. "HAPOak Udalaz gaindiko lurzoru- eta hirigintza-lege guztiak hartu behar ditu aintzat, izan Espainiako Estatukoak izan Euskal Autonomia Erkidegokoak, bai eta sektorekako lege eta plangintzak; beste alde batetik, egungo herriko arau subsidiarioek eragindako hirigintza eskubideak daude".
Dokumentuen dokumentua
Hainbat dokumentu biltzen ditu HAPO-ak, "ez da orri zuri baten gainean erredaktatzen hasi". Eginiko hamaika parte hartze prozesu eta azterlanetatik eratorritako hainbat dokumentu biltzen ditu planeamenduak. Batetik, memoria: hiri antolamenduaren eta horren exekuzioaren azalpen eta justifikazio memoria; ingurumen azterketa estrategikoa; Plan Orokorraren genero inpaktuari buruzko txostena; Plan Orokorraren Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa, euskararen hizkuntza inpaktuko azterlana; Usurbilgo zarata mapa eta Plan Orokorraren inpaktu akustikoaren azterlana.
Hirigintza arauak ere txertatuak daude planeamenduan: hirigintza arau orokorrak eta partikularrak. Ondare katalogoa, jarduketa-programa, ekonomia eta finantza bideragarritasun eta iraunkortasun azterketa, egikaritze laburpena eta planoak ere bai.
HAPO berrian jasotako esku-hartzeen berri datozen egunotan.