Mikel Telleria kantariak Zumetaren omenezko disko bat ondu du

Noaua Aldizkaria 2022ko aza. 16a, 14:48

Mikel Telleria kantariak 'Zumeta' izeneko diskoa aurkeztu du gaur goizean Zumeta Estudioan, Txikierdin. Usoa Zumeta eta Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo alkatea izan ditu bidelagun. Hamaika kantuz osatzen da argitalpena eta Udalaren dirulaguntza bati esker plazaratu ahal izan du.

Pandemia betean zendu zen Jose Luis Zumeta. Usurbildar margolariaz gain, Basterretxea, Ruiz Balerdi, Ameztoi, Carmelo Ortiz de Elguea, Txillida, Oteiza  eta beste hainbat artista omendu nahi izan dituzte era honetan. “Punta-puntako artea eskainiz, euskal kultura mundu aurrean aurkeztu zutelako”, Mikel Telleriak hedabideen aurrean aitortu duenez.

Eklektikoa eta kontraste handiko diskoa dela dio musikariak. Hamaika kanta konposatu ditu baina bakarra da usurbildar margolariari eskainia dagoena, ‘Zumeta’. Diskoari izenburua ematen diona, hain justu. CDa osatzerakoan ordea, Jose Luis Zumetaren bi margolan baliatu dituzte: portadan ageri da bat, liburuxkan bestea (Zumetaren autoerretratu bat).

 

Bernardo Atxagak jarri zituen Mikel eta Usoa harremanetan

Usoa Zumetak Bernardo Atxagaren bidez jakin zuen Mikel Telleriak kanta bat eskaini ziola bere aitari. “Asko gustatu zitzaidan eta iazko urrian egin genuen ‘Zumeta in memorian’ ekitaldira gonbidatu nuen Mikel”. Ondoren etorri zen diskoa osatzeko lana.

‘Zumeta’ CDak Usurbilgo Udalaren babesa jaso du. Alkateak eskerrak eman dizkie bi artistei “disko hau egiteagatik. Zumeta omentzeko, transmisioa egiteko, Zumetaren hariari jarraitzeko modu ederra da, dudarik gabe”.